Mendi paisaia bat eta lanbroa pasaeran. Baserri bat bost bat minutu irauten duen plano zabal horren ertz batean. Zutik, basoko, industriako eta autobideetako hotsak entzuten diren bitartean. Desagertzen doan baserritarren munduari eginiko elegia lirikoa da Mikel Zatarainen (Donostia, 1983) lehen lana: Lanbroa. Gaur estreinatuko du Iruñeko Ikuspuntu jaialdiko Erdialdea sailean, 17:30ean, Carlos III.a aretoetan.
Nondik sortu zitzaizun dokumental hau egiteko ideia?
Banuen behar bat baserritarrei omenaldi bat egiteko, eta Bartzelonan lau urtez bizi ondoren, banuen hemengo paisaiak grabatzeko desira bat. Bi horiek uztartuz atera zait bideo hau. Hasieran, baserritarren eguneroko bizitza grabatu nahi nuen, baina gero beste ideia hau sortu zen. Euskal Herrian badago halako ikonografia moduko bat baserritarren inguruan, baina ahaztuta daude, baztertuak daude. Haien irudia erabiltzen da, baina outsider-ak dira. Nire familia baserritik dator, eta horregatik sortu zitzaidan behar hori. Begirada erradikalizatzen saiatu naiz. Nietzschek zioenez, begiratzen denaren gaineko begiradak izan behar du erakargarria, eta ez irudikatzen den objektua.
Zer zentzutan diozu hori?
Sormenezko dokumentalean garrantzitsuena ez da zer kontatzen den, nork eta nola kontatzen duen baizik. Hori da nik egin nahi izan dudana. Rigako dokumental poetikoaren eskolaren lanera hurbildu naiz horretarako. Enkoadratzea, edizioa eta naturarekiko lotura eta naturan gertatzen den mentura faktorea dira haien ezaugarri nagusiak. Horiek hartuta, eguneroko gauza arruntetan bitxitasuna bilatzen ahalegindu naiz. Adibidez, Aranon (Nafarroa) grabatu genuen baserria, lanbro artean, oso gauza ohikoa da, eta horri magia bilatzea izan da erronka.
Audio muntatzearekin egin duzu saioa. Irudia finko eduki bitartean, soinuez narrazio moduko bat egin duzu. Basoko hotsetatik, baserriko hotsetara, horietatik industria hotsetara eta buelta baserrira gero.
Pio Barojak zioenez, landa munduaren heriotza gertatu zen XIX. mendean. Eta horregatik elegia izaera hori. Fabriken soinua hasten denean, hain juxtu, guztiz estaltzen du lanbroak baserria.
Iraun du, halere, gaur arte. Hor dago zutik baserria.
Bai, baina gero eta gutxiago daude. Galeraren emozio bat helarazi nahi nuen. Mikel Laboaren Gure bazterrak kanta hasi eta planoa beltzera joaten denean ikaragarrizko sentsazioa sortzen da ikuslearengan. Pozik nago horregatik. Film laburren gutxienekoa baita hori nire ustez: emozioa sortzea.
Soinuetatik kanta batera pasatzeak, eta zehazki kanta horretara pasatzeak asko laguntzen du horretan, ezta?
Hasieran Mursegoren biolontxelo batzuk sartu behar nituen, eta azken orduko aldaketa izan dira Laboaren kanta sartzea eta izenburu gisa Lanbroa hautatzea. Asko gustatu zitzaidan aldaketa.
Bukaerako plano beltza, kasik, beste irudiak bezain garrantzitsua da, ezta?
Plano horrek bi irakurketa ditu. Galerarekin edo heriotzarekin lotutakoa da aurrenekoa. Zaplazteko bat da. Bigarrena, irudien eta hitzen arteko harremanari buruzko gogoeta bat. Testuak irudia hil egiten duela ikus daiteke plano horretan. Gitarraren ondoren, plano beltzaren gainean Laboaren ahotsa entzuten hasten denean, gailendu egiten zaio hitza gainerako guztiari. Bestalde, planoa finko edukiz, zinemaren hasierarako buelta bat irudikatu nahi izan dut. Zinemagintzaren lehendabiziko urratsetarako itzulera.
Mikel Zatarain. 'Lanbroa' film laburraren egilea
«Ikonografia bat dago baserritarren inguruan, baina ahaztuta daude»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu