«Ikusezina ikusgarri bihurtzen» saiatu den hirugarren tesia

Lasarteren aurretik, beste bi doktorek aztertu dute euskal literatura generoaren ikuspegitik: Linda Whitek 1996an eta Maite Nuñez-Beteluk 2001ean, ingelesez eta gaztelaniaz hurrenez hurren.

Juan Luis Zabala
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Generoaren ikuspegitik dena dago egiteko, eta begiratzen duzun lekutik begiratzen duzula beti aurkitzen dituzu gauza berriak, ia ezer ez dagoelako egina», dio Gema Lasartek.«Ikusezina zena ikusgarri bihurtzeak bere abantailak ditu. Dena berria da, ume bati, jaiotzen denean, dena berria egiten zaion bezala».

Euskal literatura generoaren ikuspuntutik aztertzen duen hirugarren doktore tesia da Lasarterena, euskarazko lehena. Aurreko biak Linda Whiteren Basque Women Writers of the Twentieth Century eta Maite Nuñez-Beteluren Género y construcción nacional en las escritoras vascas, 1996an eta 2001ean aurkeztuak hurrenez hurren. Aurki Beste tesi bat gaineratuko beharko zaie aurrekoei, Amaia Alvarez transgeneroa euskal literaturan aztertzen duen tesia ari baita idazten.

XIX. mendean Bizenta Mogelekin hasi eta 1980ra bitarte euskal literaturan sei emakume idazlebaino ez zirelako ideia okerra zuzendu zuen Linda Whiteren tesiak, frogatuz gizonezkoei aplikatutako irizpide berberak aplikatuz gero emakume idazleak 121 zirela, eta ez soilik sei, eta haietatik 71k literatur lanak idatzi zituztela. Emakume idazleen portzentajea %2tik %32ra igo zuen lan harekin Whitek, aurretik hainbatek susmatu zuena azterketa zientifikoaren bitartez frogatuz.

Bere tesiaren ondorioetan, Maite Nuñez-Beteluk azaltzen du erlijioak eta nazionalismoak zehaztu dituztela luzaz euskal emakume idazleen lanaren ildoak, euskararen eta erlijioaren aldeko defentsaren ildotik batik bat, fede katolikoaren eta abertzaletasunaren bermatzaile bihurtuta.

Idazleen ustez, mesedegarri

Genero ikuspegitik egindako literatur azterketak mesedegarritzat dituzte Lasartek aztertutako nobelen hiru egilek: Dorleta Urretabizkaiak, Lourdes Oñederrak eta Itxaro Bordak. «Orain arte bigarren plano batean izan den emakume ahotsak badu zer kontaturik», Urretabizkaiaren ustez. «Ez da sexismo kontua, zerbait sakonagoa da, desberdina. Emakumeok beste modu batera sentitzen baitugu bizitza, eta hori ez da hobea ezta okerragoa ere, desberdina baizik. Nire ustez, emakume kantu hau entzuteak bide berriak zabalduko dizkigu guztioi».

«Ez naiz aditua (aritua, aspaldiegi) literatur kritikaren arloan eta uste dut hobe dudala isilik gelditu», adierazi du Oñederrak, gaiari buruz galdetuta; gero, ordea, hau gaineratu du: «Edonola ere, mesedegarri da ahalik eta ikuspuntu gehien irekitzea. Generoarena ere hobe dago irekita itxita baino, ez?»

«Generoaz eta generoen funtzionamendu sozio-politiko-sexu-ezberdintasunaz ateratzen diren liburuak» maiteak ditu Bordak. «Desira desordenatuak urrats bat izan da. Ibai Atutxaren ikerketak ere bai. Generoa aztertzerakoan, jendartea da goitik behera biluzten, jendartea eta oharkabean itotzen gaituen patriarka delakoa. Errazagoa da menturaz lesbianentzat —LGBT guztientzat—, baztersoa dutelako, derrigorrezko heterosexualitatearen uretan urtuak daudenentzat baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.