Zinemaldia

Ikusgai dago jada 'Zurriolako Butaka'-ren lehen saioa

Zinemaldiarekin batera, bueltan da Zurriolako Butaka saioa ere. Anabel Arraizak aurkezten du saioa, Donostiako Kursaaletik. Euskarazko hainbat komunikabidek elkarlanean ekoizten dute, eta, aurten, Kanaldude telebista batu da proiektura.

2018ko irailaren 21a
09:42
Entzun

Zurriolako Butakak Donostiako Zinemaldiaren berri emango du egunero, beste urte batez, Donostiako Kursaaletik. 19:00etatik aurrera izango dira ikusgai saioak, BERRIAren webgunean. Lehena, ikusgai da BerriaTBn.

Aurreko urteetan bezala, Euskal Herriko zinemagintza arreta bereziz jarraituko du saioak, eta Euskal Herrian ekoitzitako filmen zuzendariak, aktoreak eta ekoizleak elkarrizketatuko dituzte.

"Kalitatean pauso bat eman nahi dugu aurten", adierazi du Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak. "Zinemaldiaren inguruko euskarazko telebista saio bakarra izanda, egite hutsa nahikoa zen lehen urteetan. Baina, orain, ikusita Euskal Herriko hogei ekoizpen daudela eta euskal zinemagintzako urteko estreinaldirik garrantzitsuak hemen egiten direla, kalitate handiagoarekin eman nahi dugu horren berri".

Lehen saioan, Amaia Ramirez ekoizlea elkarrizketatu du Arraizak. Another day of life animaziozko filmari buruz hitz egin dute. Canneseko (Frantzia) zinema jaialdian estreinatu zuten lana, eta, Donostian, Perlak sailean ikusi ahalko da.

[youtube]https://youtu.be/43zR_QYhn2A[/youtube]

Agus Barandiaran Korrontzi taldeko musikaria eta Basque Selfie filmeko protagonista ere elkarrizketatu dute lehen saiorako. Basque Selfie gaur gauean estreinatuko dute, Zinemira sailean.

[youtube]https://youtu.be/TCUseXL4hOs[/youtube]

Horrez gain, Ramon Agirre aktoreari buruzko bideo bat ere prestatu dute. Zinemira saria jasoko du Agirrek datorren asteartean.

Saioaren berrikuntzetako bat da Urtzi Urkizuren Izar azpian tartea. Kritika zirikatzailea egingo du kazetariak gaur estreinatu den atalean.

[youtube]https://youtu.be/D08XQZ2BT1c[/youtube]

Kritikarako tartea izan du Gaizka Izagirre Gaztezulo aldizkariko kazetariak. Another day of life filma izan du hark hizpide.

Azkenik, Danny de Vito aktorearen soslai bat ere jaso du Zurriolako Butakaren lehen saioak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.