Ekainaren 7an irekitzekoak ziren Eskultura hiperrealista 1973-2016 erakusketa, baina gaur estreinatu dute, atzo arte Bilboko Arte Ederren Museoko langileak greban egon baitziren. Erakusketako lan zaharrena 1973koa da, eta berriena 2016an egina; zenbait belaunalditako artisten lanak biltzen dira, beraz. Lan batzuetan teknologia berrien eragina nabari den arren, erakusketa ez dago eboluzio kronologikoan oinarrituta.
Eskulturak giza gorputza adierazteko moduaren arabera daude antolatuta, bost zatitan. Sarreran, gizakien erreplika fidelak ikus daitezke. Ondoren, norberak nahi bezala, gainerako lanak bisita daitezke: gorputzaren zatietan oinarritutakoak, gorputzen dimentsioekin jolasten direnak, kolore bakarrean egindakoak, eta errealitatea deformatzen dutenak. Eskulturen egiantzekotasuna ezbaian jartzeaz haratago, bisitariek gizatasunarekin lotutako gaien inguruan hausnartu dezakete lanei esker.
Bilboko Arte Ederren Museoak 2014an egin zuen Hiperrealismoa 1967-2013 erakusketaren osagarria da hau; 68 margolan hiperrealista bildu zituzten bertan. Orduan bezalaxe, Otto Letze izan da komisarioa, oraingoan Argiro Mavromatis lagun duela. Mendebaldean XX. mendearen erdialdean nagusi zen espresionismo abstrakturaren kontrapisu gisa sortu zen hiperrealismoa, eguneroko gaiak modu fidelean irudikatuz.
Abuztuaren 26ra arte egongo da erakusketa bisitatzeko aukera.