Kamera eskuan hartzeko arrazoi bat baino gehiago izan daitezke. Mahamat Saleh-Haroun txadarraren kasuan, katarsi bat da zinema, «traumari pisua kentzeko edo». Hots, «ohiko gauza artistentzat», haren iduriko. Baina, haatik, artista guztiak ez dira lekuko zuzenak. «Egia da Txadekoaren gisako gerla batean zaudelarik, biktima bat izan zarelarik, zauritu eta elbarri utzi zaituelarik -jaurtiki balak kasik hil ninduen-, etengabe mamuak dauzkazu gibeletik. Ihesi zoaz, nahiz eta jakin ez zarela nehoiz nehorat helduko».
Un homme qui crie (Oihukatzen duen gizon bat) bere azken filmakEpaimahaiaren Saria eskuratu du aurten Cannesko jaialdian. Egun hauetan dago ikusgai Baionan. Aurkeztera etorri zen, hain justu, Atalante aretora. Aukera bat, Txadez, gerlaz, zinemaz eta erbesteaz mintzatzeko. Gaur egun, Parisen bizi da, baina beti sorterrira itzultzen da filmatzera.
Erbesteak kontu izugarri horietatik urruntzeko aukera ematen dio, «baina ohartzen zara zure baitan sartuak direla. Emeki- emeki, bizirik dauden hil batzuk bezala jalgitzen dira. Zonbi batzuk balira bezala». Horiek diote justizia eskatzen. «Ikusi ditudan hilotz horiek, ikusi ditudan pertsona horiek, nigandik hurbil ziren horiek, nire lekukotasuna eman dezadan ari zaizkit galdezka, sinpleki. Bumeran bat bezala. Eta ni behartua naiz kontatzera, hortik askatua izateko».
Askatu, bai bera, baita auzoak ere. «Zinema inportanta da biktima horiei begitarte bat emateko aukera eskaintzen duelako, duintasunean. Herri hori eta tragedia hori orainean konta daiteke». Hitza hartu, bizirik segitzeko. «Nire kasuan, jadanik hil nautela deritzot, herritik bota nindutelarik. Eta ez dut bigarren aldiz hil nahi». Nerabe zela, 1980an ezagutu zuen bere herriko lehen gerra. Balak orduan zuen zauritu. Kamerunera ihes egin behar izan zuen orga batean. «Garraiatu behar izan ninduten lur sagar zaku bat banintz bezala. Ezin nuen ezer egin». Joan eta berriz jin eta berriz gerla. 2006an Daratt filmatzen ari zela ere, berriz. matxinatuen armada N'Djamena hirira sartu zen. «No man's land batean ginen». Sei orduko liskarren ondorioz, 300 hildako. «Egun horretan filmeko aktore gazteak 18 urte betetzen zituen. Nola pentsatu geroari buruz, gerla zibil bat eta 300 hilekin iratzartzen zarelarik? Hori da nire kezka». 2008an, berriz harrapatu zuen gerra zibilak. Berriz ere filmatzera joan eta hor ere, ehunka hil. «Bat-batean, tiro hotsak entzuten dituzu, eta hor, korrika hasten zara. Bizia salbatzea da lehentasun bakarra, eta deusek ez du gehiago zentzurik. Tragediak dena hartzen du, eta norberaren destinoa menperaezina bilakatzen da. Nik hori badakit zer den, eta hori dut kontatu nahi». Un homme qui crie filmakluxuzko hotel bateko igerilekua dauka agertoki.
Hor dago Adam aita, igeriketa irakasle. Semeak ere harekin lan egiten du. Baina hoteleko aurrekontua apaltzen dute, eta Adam sarrera zaintzen jartzen dute maila soziala apalaraziz; semeak, berriz, igerilekuan segitzen du. Igerilekua gero eta hurbilago sentitzen den gerlaren antzoki da bilakatzen. «Bortizkeria soziala, umiliatzea, gerraren mehatxua, auzoko buruzagiaren presio politikoa... Horiek guztiek dute une batean huts egitera behartzen. Ez gara ohartzen, baina bortizkeriak egoera horietara eramaten du».
Txaden beste lekuetan bezala.«Mundializazioa da. Eskema berdintsuak dira errepikatzen. Frantzian, France Telecomeko langile batzuek beren buruaz beste egin dute. Bortizkeria izugarria jasotzen dute anitzek». Txaden, ordea, gerra handiak txikia gainditzen du. Semea gerrarako hartzen diotelarik, aitak ez du deus egiten, hasiera batean. «Txadeko gerla zibilak ez du norma izpi bat ere errespetatzen. Gerla instituzionalek lege zenbait badituzte. Gerla zibiletan bada moraletik at doan zerbait. Ez da gehiago mugarik. Boterea lortzeko, elkarrekin borrokatzen gara, elkar hiltzen dugu. Ontsa elkar ezagutzen duten taldeen artean gertatzen da. Familiako gerla bilakatzen da».
Horren kontatzeko tragediaren forma ezinbestekoa zaio. «Urrundik heldu den zerbait gertatzen delako Txaden». Koranera edo Bibliara eraman dezakeena. Abraham edo Ibrahimek hil nahi duen semearen kontakizunera.«Bai, baina hor, Jainkoaren eskuak salbatzen du. Adamentzat ez da Jainkoaren eskurik. Semea sakrifikatzen du, eta gurutzea espalda gainean eraman beharko du bizi osoan. Erredentzioa ezinezkoa da memoriari begira».
Mahamat Saleh-Haroun. Zinema zuzendaria
«Ikusi hilotzak galdezka ari zaizkit lekukotasuna eman dezadan»
Estreinatu berri duen 'Un homme qui crie' fikzio sarituaren bidez, gerlak bustitako bortizkeria soziala kontatzen du txadarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu