Ikuskizun bat prestatu du Galtzagorrik IBBYren Londresko kongresurako

Patxi Zubizarreta, Maddi Oihenart eta Joserra Senperena ariko dira, besteak beste, hilaren 24an

Joserra Senperena eta Patxi Zubizarreta. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Euskarazko haur eta gazte literatura ardatz izango duen ikuskizun bat antolatu du Galtzagorri elkarteak —Etxepare Institutuaren eta OEPLI Organizacion Española para el Libro Infantil y Juvenil elkartearen laguntzaz—, hilaren 23tik 26ra Londresen egingo den IBBYInternational Board on Books for Young People elkartearen nazioarteko kongresurako. Paperean hegan / Flying Over Paper du izenburu ikuskizunak, eta honako sortzaile hauek parte hartuko dute emanaldian: Patxi Zubizarreta (ahotsa eta gidoia), Jokin Mitxelena (ilustrazioak), Joserra Senperena (musika), Gema Arrugaeta (irudiak eta alde teknikoa), Maddi Oihenart (kantua)eta Idoia Noble (interpretea). Literatura, ilustrazioak, musika, irudiak eta kantua uztartuko dituzte.

Koldo Mitxelena kulturunearen laguntzarekin ekoitzitako Paperean hegan ikus-entzunezkoa dago ikuskizun berriaren oinarrian. Euskarazko haur literatura eta ilustrazioak uztartzen ditu ikus-entzunezko horrek, eta abiapuntu berdintsua du Londresen aurkeztuko den ikuskizunak.

Ikuskizunean «herrien arteko mugak, orpoz orpo dauden hizkuntzen arteko uztartzeak, eta hartu-eman horietatik sortzen den literatura islatuko da», elkarteak jakinarazi duenez. Crossing boundaries: Translations and Migrations da kongresuaren aurtengo ekitaldiko leloa (Mugak zeharkatzen. Itzulpenak eta migrazioak); eta lelo horrekin bat egiten du Galtzagorrik eramango duen ikuskizunak.

Itzulitako liburuak ikusgai

Ikuskizuna egingo duten aretoan euskaraz sortu eta beste hizkuntza batzuetara itzuli diren haur eta gazte literaturako zenbait liburu jarriko dituzte. Mariasun Landaren Txan fantasma, Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak, Juan Kruz Igerabideren Printzesa begi-zulo, Patxi Zubizarretaren Midasen eraztuna, Miren Agur Meaberen Errepidea; baita Elena Odriozolak ilustratutako bi liburu ere: Quando vem a lua, Die schöne gemahlin des mandarin eta A woodland secret.

Ikuskizuna abuztuaren 24an izango da, 18:00etan, kongresua egingo den leku berean, Imperial College aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.