Hedabideak eta bereziki telebistak sustatzen duen ikuskizunaren gizartea jopuntuan jarri ditu Alex de la Iglesiak La chispa de la vida bere azken filmean. Randy Feldmanen gidoi baten gainean lan egin du zinemagile bilbotarrak, telezaborraren gaineko bere ikuspuntu berezia emateko.
Billy Wilderrek orain dela 60 urte egin zuen Ace in the Hole zoragarri harekin parekotasun handia du De la Iglesiaren azkenak. Orduko hartan, eskrupulurik gabeko kazetari batek meatzari baten istripu zorigaiztokoa profitatzen zuen negozio mediatikoa egiteko.
Kasu honetan, Roberto da protagonista, langabezian dagoen publizista bat. Hura izan zen Coca Colaren slogan famatua asmatu zuena, La chispa de la vida, baina horiek iraganeko kontuak izanik, gaur egun inork ez du aintzat hartzen sorkuntzarako duen gaitasuna. Halako batean, antzoki batean istripu bat izanen du, harrapatuta geldituko da, eta ezin izanen dute bertatik atera.
Gertaerak hedabideen arreta piztuko du, eta Roberto azkarrak berehala ikusiko du istripua ikuskizun mediatiko bihurtzeko aukera. Hango eta hemengo telebistekin negoziatzen hasiko da, esklusiba nori eman erabakitzeko. Azkenean, kontuak okertuko dira eta Robertoren kasua interesa galtzen hasiko da.
Euskadiko Filmategia eskaintzen ari zaion atzera begirakoan egiaztatu ahal den moduan, filmografia sendo eta gorabeheratsua osatzen ari da Alex de la Iglesia. Bere aurreko pelikulak —Balada triste de trompeta— mota guztietako kritikak jaso zituen, baina komertzialki ongi funtzionatu zuen filmak.
'LA CHISPA DE LA VIDA'
Zuzendaria: Alex de la Iglesia.
Aktoreak: Jose Mota, Salma Hayek, Blanca Portillo, Juan Luis Galiardo, Fernando Tejero, Santiago Segura, Carolina Bang, Juanjo Puigcorbe.
Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011.
Iraupena: 109 minutu.
Estreinaldiak: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Ikuskizunaren gizarteari kritika
Hedabideei eta bereziki telebistari buruzko komedia ozpina taxutu du Alex de la Iglesiak 'La chispa de la vida'-n
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu