«Beste jai batzuk posible dira». Hori da ikuskizunen ekoizleen sektoreak aldarrikatu nahi duen ideia nagusia: emanaldi oro bertan behera gelditu den honetan, kultura eta aisialdi ekoizpenak programatzeko beste eredu batzuk egon daitezkeela, sektoreko profesionalak ez daitezen erori. 80 enpresa inguruk ohar bat plazaratu dute beren egoeraren berri emateko eta zenbait eskakizun egiteko, Ez gaitzazu bertan behera utzi goiburuarekin.
Izan ere, alarma egoera ezartzearekin batera, ikus-entzunezkoen ekoizleak lanik gabe gelditu ziren, eta argi ikusi zuten ez zirela laster itzuliko. «Hasieratik imajinatzen genuen lehenak izango ginela lan egiteari uzten, eta azkenak lanean hasten». Haientzat oso garrantzitsua da udaberriko eta udako lana, eta ikuskizunik ez badago urtea «galduko» dutela azaldu dute. Langile autonomoak, enpresa txiki eta ertainak eta kooperatibak dira nagusiki, eta kolpe horrek kolokan utziko lituzke. Hortaz, «enpatia» eskatu dute.
Horiek horrela, udalei mintzatu zaizkie, eskatzeko ez ditzatela kulturarako eta jaietarako aurrekontuak hustu eta molda ditzatela aurreikusiak zituzten ikuskizunak: «Edukiera mugatua duten ekoizpenetan lan egitera moldatzea proposatzen dugu, ekoizpen deszentralizatuak egitea eta alternatiba gisa bertako eta inguruko artistekin lan egitea». Beren egoerari aurre egiteko plan bat diseinatzea posible dela ziurtatu dute, eta hori lortzeko «esertzeko» eskatu diete erakundeei.
Teknikariak ere, kinka larrian
Era berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat ikuskizun teknikarik bat egin dute salatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren aldetik jaso duten «utzikeria». Haiek ere azkenetakoak izango dira lanera itzultzen, ikus-entzunezko enpresen jardueraren menpe baitaude, eta horiek errendimendu betean egon artean ez dira agertokietara itzuliko.
Baina, haien egoera muturrekoa izanda ere, diru laguntzak eskuratzeko orduan trabak dituztela adierazi dute ohar baten bitartez. Nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzak kulturgileentzat prestatutako laguntza berezia ez dela bateragarria Espainiako Gobernuak aurretik ateratakoarekin. «Bateraezina delako edo txikia delako, pertsona gutxik eskuratu ahal izango dute», adierazi dute. Espainiako Gobernuak maiatzaren 5ean iragarri zuen laguntzari dagokionez, esan dute ez diela irtenbiderik ematen, artisten erregimenean erregistratuta egotea eskatzen baitu. Horiek horrela, laguntzen oinarriak aldatzeko eskatu dute: «Alde batetik, laguntza horietakoren bat lortzeko aukera izateko, eta, bestetik, laguntzak luza daitezen normaltasunera itzuli arte».
Erakundeek «baztertu eta engainatu» egiten dituztela esan dute. «Diru laguntzak eskuratzea galarazten zaigu zalantzaz beteriko etorkizun beltz baten aurrean». Hortaz, fokua haiengan ere jartzeko eskatu dute.