Ildo askotako lanak aurkeztuko dituzte 62 egilek Getxoarten

«Sormen artistikoa bultzatzeko xedez» egingo dute Arte Sortu Berrien Aretoa Getxon, abenduaren 3tik 5era

Erredakzioa
Bilbo
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
«Euskal Herrian indartzen ari den sormen artistikoa» sustatzeko eta zabaltzeko helburuz egingo dute ostera ere Getxoarte, abenduaren 3tik 5era. Denera, 62 artistak parte hartuko dute Arte Sortu Berrien Aretoan. Genero askotako lanak aurkeztuko dituzte, hala nola margolanak, eskulturak, instalazioak, marrazkiak, grabatuak eta bideolanak.

Gehientsuenak EHUko Arte Ederretako fakultateko ikasleak dira, eta epaimahaiaren oniritzia jaso ondotik aurkeztu ahal izango dituzte lanak Areetako geltoki ondoan paratutako karpan, Getxon (Bizkaia). Iñaki Alvarez Guggenheimeko erakusketen koordinatzaileak, Javier Moreno EHUko Arte Ederretako errektoreordeak eta Rita Sixto EHUko Arte Ederretako irakasleak osatu dute epaimahaia. Rekalde aretoko zuzendari Alicia Fernandezen laguntzarekin hautatu dituzte 62 artistaren lanak, aurkeztutako 147 proiektuen artetik.

Katalogo zabala

Antolatzaileek azaldu dutenez, gaur egungo jarduera artistikoaren erakustoki izango da Getxoarte. «Hizkuntza eta kode artistikoen ikuspegi berri bat dakarten lanak zein tradizioa berrikusi eta proposamen berriak egiten dituztenak izango dira». Horrenbestez, «etorkizuneko sormen artistikoaren oinarria izango diren arriskuak eta naturaltasuna nahasten dira Getxoarten», antolatzaileen arabera. Urtero legez, artista eta obra guztien katalogoa argitaratuko dute, lan horiei zabalpen handiagoa emateko asmoz.

Hamar urte beteko ditu aurten Getxoartek. Urte hauetan guztietan, 500 bat sortzaile pasatu dira aretotik, eta, antolatzaileek emandako datuen arabera, 58.000 bisitaritik gora izan dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.