Kritika. Musika

Iluntasunari gorazarre

Chelsea Wolfe / 'She Reaches Out To She Reaches Out To She'
2024ko martxoaren 10a
05:00
Entzun

CHELSEA WOLFE

'She Reaches Out to She Reaches Out to She'
Diskoetxea: Loma Vista.

Chelsea Wolfek, iluntasunaren diva denak, estudioko zazpigarren lana argitaratu du. Bertan, soinuaren eraldaketa baten aldeko apustua egiten du. Kasu honetan, eremu elektronikoetarantz, aurreko diskoetan bezain sakon eta trinko.

Birth of Violence (2019) folk sustraiko disko intimistaren ondoren, She Reaches Out to She Reaches Out to She argitaratu du oraintsu, askotariko disko bikainez betetako ibilbide baten puzzlean jarri beharreko beste pieza bat. Baina ilunabarreko dama hau bost urte hauetan atseden hartzen eta erlaxatuta egon dela uste duena guztiz nahastuta dago, metal astunena esploratzen ikusi baitugu Bloodmoon: I diskoan Convergerekin lankidetzan; Chelsearen proiektuan bateria jotzen aritzen den Jess Gowrieren Mrs. Piss proiektu propioan; Tyler Batesekin batera —besteak beste, Marilyn Mansonekin lan egiteagatik ezaguna— X beldurrezko filmaren soinu-banda konposatzen; edota Anhedonia singlea kaleratzen Emma Ruth Rundlerekin batera.

Energia kontserbatzeko legearen bilakaera balitz bezala —energia ez dela ez sortzen ez suntsitzen, eraldatu egiten dela dioena—, hasieran pisutsuagoa eta metalikoagoa izan behar zuela zirudiena, behin estudiora iritsita, soinu askoz elektronikoagoen miaketarantz joan da. Eta Dave Sitek TV On The Radioren ekoizle eta sortzailea izan du lagun bide horretan. Chelsea Wolfek bidaia batera bideratu du bere talentu guztia, non betiko intentsitatea aurkitu daitekeen trip-hopean eta musika elektronikoan oinarrituta —synth popa ahaztu gabe—, eta rock gotikoa dosi milimetrikoetan banatuta.

Batzuentzat doinu elektronikoak talde organiko batenak baino bitarteko artifizialagoak direla uste arren, abestiek modu organikoan eta barru-barrutik interpretatutako soinua izaten jarraitzen dute. Hasiera, Whispers In The Echo Chamber eta House Of Self-Undoing-ekin, bizia da —Nine Inch Nailsen inspirazio argiar dute, eta doinu industrialak nabarmen ageri dira—. Eyes Like Nightshad-ek 'Björk-en alde esperimentalenera hurbilarazten du entzulea, Place In The Sun hunkigarria da, eta Chelseak edozein unetan negar egiteari utz diezaiokeela dirudi; eta amaierako Dusk Portishead erosoagoekin lotu daiteke zuzenean. Detaile txiki guztiak ongi zainduta, une egokian jarritako gitarrekin, disko kolosal bat ixteko behar den garrantzia eman dio piezari.

Lan honen benetako haria Wolferen ahotsa da, tonuak beharrezkoa den hunkidurara moldatzeko gaitasun ikaragarria erakusten duena. Bizia eta zirraragarria, hainbat gai jorratzen ditu diskoan: soiltasuna, norbera maitatzea, harreman toxikoak haustea edo bere burua zauritzeari uztea. Izenburuarekin ere, iraganari eta etorkizunari uko egin gabe, bere buruari aurre egiteko modua aipatzen du. Nork bere burua ezagutzeko eta nork bere buruari buruz hausnartzeko ariketa titanikoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.