Imanolen kantuen bertsioekin CD bat eta DVD bat kaleratu ditu EITBk

Amaia Zubiriak, Xabier Euzkitzek eta Aurora Beltranek parte hartu dute, besteak beste, proiektuan

gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Sei urte igaro dira Imanol Larzabal kantaria zendu zenetik. Haren omenezko lan bat aurkeztu berri du EITBk: Imanol Donosti Tombuctú. Kantari eta musikari saldo batek parte hartu du egitasmoan. Jose Mari Aleman Imanolen adiskidea arduratu da egitasmoa bultzatzeaz eta zuzentzeaz. Alemanen hitzetan, «garrantzitsua izan da egitasmoan Imanolen lagun zirenek parte hartzea eta ahalik eta transbertsalena izatea».

Hogei bat artistak hartu dute omenaldi diskoan. Horietako zenbait Euskal Herrikoak dira (Amaia Zubiria, Xabier Euzkitze, Ainara Ortega, Maria Mendizabal, Maria Berasarte, Aurora Beltran...), eta beste zenbait, Espainiakoak (Luis Eduardo Aute, Ismael Serrano, Luis Pastor, Nacho Campillo...). Joao Alfonso portugaldarrak ere parte hartu du, Maitiak galde egin zautan kantuaren egokitzapena kantatuz.

Xabier Euzkitzek Lau haizetara abestu du, Carmen Parisekin batera. Proiektuari darion transbertsaltasuna atsegin duela baina «bertako lagun eta sortzaileak» ere egitasmoan izatea beharrezkotzat jotzen zuelako parte hartu duela nabarmendu zuen Euzkitzek atzo EITBk Donostian duen egoitzan egindako aurkezpenean: «Egitasmoa aurrera eraman ahal izateko, gorabehera batzuk egon dira, baina bertan egon behar nuela uste nuen», zehaztu zuen.

Amaia Zubiriak Oroimeneko portua kantatu du diskoan. Aurkezpen ekitaldian hitz batzuk esaten hasi eta zeharo hunkitu zen: «Ez zait gustatzen hilda dagoenari laudorioak botatzea; jendea bizi den artean egin behar da hori».

1999an, Luis Garcia Berlanga zinemagile espainiarrak París Tombuctú filma estreinatu zuen garai bertsuan, Imanolek Donostiatik alde egin zuen. Film hartako musika Suburbano taldeak egin zuen, eta kantu nagusia Manolo Tenak abestu zuen. Kantu hura gustuko zuen Imanolek. Handik dator omenaldi diskoaren izenburua ere. Grabazioetako irudiak eta ETBko artxibo irudiak baliatuz, DVD bat osatu du Iñaki Zabalak, eta diskoaren azala Agustin Ibarrola eskultoreak egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.