Immigrazioa jorratzen dute Zinemaldian ikusi ditudan bi film gogoangarrik. Lehena, Kaurismaki maisuaren Le Havre. Kaurismakik, bere isiltasunekin, bere hoztasunarekin, bere zakarkeriarekin, urteak daramatza emozioz betetako ipuinak egiten. Egun zinemak, harri-kartoizkoa, erraza eta momentuan politikoki zuzena den emozioa bilatzen du. Eskerrak Kaurismaki geratzen zaigun. Sekula modan egongo ez den finlandiarrak (modak, hodeiak bezalaxe, iragankorrak dira) pertsonaiei ematen die ahotsa. Duin eta maitekiro jokatzen du haiekin. Lurtarra izateagatik extralurtarra dirudien zuzendaria da Kaurismaki. Defektuz betetako gizon zintzoa.
Bigarrena, Nicolas Provost-ena da, L'Envahisseur, ezinegona sortzen duen horietakoa. Plano sekuentzia liluragarri batekin hasten den filmaren izenburuak (Inbaditzailea), immigrazioa jorratzen duten pelikuletan apenas ikusi ez dugun aurpegi bat erakusten digu. Hondartza turistiko batean, uhertzean erdi itota azaltzen diren «inbaditzaileen» inguruko proposamen ausarta.
El País egunkariko separata batetan irakurritakoa: «Asteburu bat Londresen 200 eurorekin pasatzeko trikimailuak». Horien artean, gauez ateak ixtera doazenean Prêt à Manger kateko jatetxe batera gerturatu eta bota behar dituzten sandwich-ak eskatzea. Artikuluan, kazetariak lotsarik ez izateko esaten du. Gazte espainiar eta italiarrak helburu horrekin askotan gerturatzen direla eta bertako langileak ohituta omen daudela. Zortzi orduz zutik lanean eta 600 libera kobratzen dituen langileak, Londresko iparraldean eta lantokitik ordu eta erdira trenean bizi denak, sandwich-ak oparitu behar dizkie, asteburua erosketak egin, kontzertuetaz gozatu eta parranda cool-a egitera doazen «inmigratzaile guiriei».
Duintasuna ulertzeko modu ezberdinak daude. Kaurismakirena da bat, Provostena beste bat. Baina duintasuna zer den ez dakienik ere bada. Kukutzako teilatuan ikusi ditugu, armatuta eta harroputz.
Donostiako 59. Zinemaldia. Plano subjektiboa
Immigrazioaz eta duintasunaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu