INAACko zuzendariak dio Ikuspuntu jaialdia eten gabe badirela beste aukera batzuk

Jaialdia biurteko bilakatzea eta babes pribatua lortzea dira Koldo Lasak aipatutako aukeretariko batzuk

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuko ordezkari baten ahotik jakin zuen Josetxo Cerdan Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiko zuzendari artistikoak bertan behera utziko zutela 2012ko jaialdia. Zortzigarren jaialdia ez zela egingo esan zioten telefonoz. Eskutitz ireki baten bidez kontatu zuen gertatutakoa, eta hedatu egin da albistea. Oraindik, baina, erabakia ez dute bide ofizialetatik jakinarazi, eta xehetasun hori nabarmendu du Koldo Lasak. Horri heldu dio. INAAC Nafarroako Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak antolatzen du zinemaldia, eta bera da erakundeko zuzendaria, eta aurrekontu murrizketak eta zailtasunak izango direla aitortzen duen arren, oraindik maniobrarako tarterik badagoela dio.

«Ikuspuntu antolatu egin nahi dugu, eta hainbat aukera daude horretarako». INAACk antolatzen du Ikuspuntu jaialdia, eta, Lasak zehaztu duenez, institutuak ez du esan jaialdia etengo denik. Ez du ukatu zailtasunak izan badirela. «Aste honetan onartuko dira aurrekontu murrizketak, eta ez da erraza izango jaialdiari orain arteko formatuan eustea». Oraingoz, dauden aukerak aztertzen dabiltza, Kultura Sailarekin eta zuzendari artistikoarekin. «Lortuko dugula uste dut».

Jaialdia txikitzea izan liteke hari eusteko aukeretariko bat, Lasaren ustez. «Ezin liteke asko txikitu, halere, iaz ere egin genuelako murrizketa, eta hori zen jaialdi txukun bat egiteko modua». Zinemaldia atzeratzea izan daiteke beste aukeretariko bat, INAACko zuzendariaren hitzetan, baita jaialdia urterokoa izan beharrean bi urtean behin izatea ere. «Irudimena erabili beharko dugu, eta babes pribatu handiagoa bilatu beharko dugu». Hurrengo urteko aurrekontua zenbatekoa den jakitea da kontua betiere, eta, dioenez, datorren astean jakingo dute hori.

Hiriburuaren txirotzea

Nafarroako hiriburuan egiten den beste zinema jaialdi baten aurkezpen ekitaldian erantzun behar izan die kazetarien galderei Lasak. Iruñeko XII. Zinemaldiaren aurkezpenean, zehazki. Datorren astean hasiko da zinemaldi hori, eta 140 dokumental eta film labur emango dituzte astebetez Iruñeko aretoetan. Dimas Lasterra da ekimenaren zuzendaria, eta izan diren murrizketen ondorioz aurten inoiz baino boluntario gehiagoren laguntza jaso behar izan dutela esan du. Sostengu eskutitz bat idatzi zuen Lasterrak orain egun batzuk, Nafarroako Gobernuak Ikuspuntu jaialdia eteteko asmotan zela jakitean. «Okerra» litzatekeela uste du, eta «hiria pobretu egingo litzatekeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.