Inauterietako ondarea bilduko du Uztaritzen Hartzaro jaialdiak

Jai horien hogei urteko ibilbidea aurkeztuko du bihar emango duen hitzaldian Beñat Zintzo Garmendia irakasleak

Michelle Citron zinemagilearen Daughter Rite  filmeko fotograma bat. IKUSPUNTU JAIALDIA.
Erredakzioa
Baiona
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Euskal ondarea gal ez dadin, bere ekarpena egingo du, beste urte batez, Uztaritzeko (Lapurdi) Hartzaro jaialdiak. Inauterietako ohiturak berpizteko asmotan dator aurten, eta, horretarako, erakusketak, hitzaldiak eta bestelako ikuskizunak antolatu dituzte. Lapurdi gelan, hilaren 8tik ikusgai dago Beñat Zintzo Garmendia etnologo eta historia irakasleak prestatutako Les carnavals des 7 provinces du Pays Basque erakusketa (Euskal Herriko zazpi herrialdeetako inauteriak). Irakasleak Ihauteriak Euskal Herrian zehar izenburuko hitzaldia emango du bihar, areto berean, jaien hogei urteko ibilbidea aurkezteko.

Etzi emango diote hasiera jaialdiari, Hirirbereko auzoan, Uztaritzeko txarangak alaiturik, goizeko hamaiketan. Horren aurretik, txerri hiltzea egingo dute Latsan. Arratsaldean, Arruntzako auzoan, eskolako inauteriak, dantza garaikidea eta Mutxikoak izango dira karriketan. Iluntzeko ekitaldia Arruntzako elizan izango da. Etxegoien ahizpen ondotik, Sakratua dantza ikuskizuna emango du Leinua taldeak. Igandean goizetik jarraituko du jaialdiak, inauteriekin eta dantzarekin.

Martxoaren 8a bitarte

Datozen bi asteetarako hainbat ikuskizun antolatu dituzte jaialdiaren barruan. Martxoaren 2an Hau dela hura dela lana antzeztuko du Eleka konpainiak, eta kontzertua izango da gero; tartean, Suitzako Kruger metal taldearekin. Martxoaren 4an, berriz, Euski, Borrokan eta Red Hot Nipples taldeak ariko dira, eta karaoke gaua egingo dute ondoren, gaztetxean. Hurrengo eguneko protagonistak artista gazteak izango dira, Kiroletan emanaldiarekin. Iluntzean, besteak beste, Gernika dantza ikuskizuna izango da, Aukeran konpainiaretik.

Martxoaren 8a, astearte gizena, izango da jaialdiaren azken eguna. 18:00etan zanpantzarrek hartuko dituzte kaleak, urteko gertaerak ironiaz kontatzeko. Hartzaren iratzartzea, animalien dantza eta euskal mitologiako jainkosen dantza izango dira ondotik. Zanpantzarrak erraustuta, erromeria batekin itxiko dute jaialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.