Indarberritutako Bilboren aztarna

'Bilbo eta pintura' erakusketak XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran Bilbon aritu ziren artisten lanak biltzen ditu. Abuztuaren 29ra arte ikusi ahal izango da, Guggenheimen

Valentin Zubiaurreren Bertsolariak obra. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Kasualitatez egokitu da Bilbo eta pintura erakusketaren inaugurazioa pandemia garaian. Bilboko Guggenheim museoko aurtengo lehen proposamenak XIX. mendearen bukaerako eta XX.aren hasierako Bilbo agertzen du nagusiki, bertan bizi ziren artisten begiradetatik. Distantziak distantzia, ordea, garai hartako egoerak antza du gaur egungoarekin, Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariak azpimarratu duenez: «Pandemia, setio eta gerren ondoren Bilbok izan zuen modernizazio prozesua erakusten dute obrek». Kointzidentzia bilatua izan ez den arren, gaurtik abuztuaren 29ra bitarte ikusi ahal izango dira larrialdi garai baten ondoko susperraldia irudikatzen duten 27 laginak. Bildumak Iberdrolaren laguntza izan du.

Zuzendariak nabarmendu du erakusketak «urte askoko» lana behar izan duela, eta, hortaz, ez zuela, printzipioz, osasun egoeraz aritzeko helburua, baina, dena den, iritzi dio artistok «lekukotza baliagarria» ere ematen dutela, «erreakzionatzeko izan zuten ahalmena» agerian uzten baitute erakusketako muralek, besteak beste. Horrenbestez, «omenaldia» ere badela gaineratu du zuzendariak. Egoera makur batetik ateratzen saiatzeaz gain, «100 urte ondorengoko Bilbon pentsatu» ere egin zuten garaiko bilbotarrek, Kosme Barañano komisarioaren iritziz, eta aurrera begirako jarrera horren ondorio deritzo, besteak beste, hilerria Deriora (Bizkaia) eramateari, luze gabe hiria hedatzeko asmoagatik.

Horrenbestez, bilduma osatzen duten koadroen bidez, bisitariak aurrez aurre izango du inflexio puntu baten irudikapena, komisarioaren hitzei erreparatuta bederen. Osasun larrialdia eta gerrak atzean utzita, Bilbo hazten ari zen arlo guztietan. Barañanok azaldu duenez, 1800. urtean 11.000 biztanleko tokia baino ez zen Bilbo, eta Zazpikaleek soilik osatzen zuten. Aldamenean zituen hala nola Begoñako, Deustuko eta Abandoko elizateak, baina artean udalerriari anexionatu gabe zeuden. Beraz, Zazpikaleetan bizi zirenek eraman zituzten aurrera mendearen amaierako berrikuntzak, tartean baita artistikoak ere, eta Bilbo «heterogeneo» bat eratu zuten, Bidarteren hitzetan. «Merkatariak, marinelak, indianoak, atzerritarrak, nobleak, itsasontzietako kapitainak, funtzionarioak, Europako gorteetan arrakasta izandakoak edota laborariak» batu ziren garai hartako Bilbon, komisarioak aletu duenez, eta koadrook «aniztasun» horren isla dira.

Zazpikaleetako biztanleen artean merkatariak ziren nagusi, baina aurki artistak ere sortuz joan ziren, horietako asko merkatarien ondorengoak. «Artista gazte horiek 18, 19 edo 20 urterekin Parisa joan ziren arte ikasketak egitera; ez Madrilera, ezta Erromara ere: Parisa, han baitzeuden mugimendu artistiko berriak», Barañanok dioenez. Artista horiek itzuli zirenean, beraiekin batera ekarri zituzten hemen ezezagunak ziren hainbat molde artistiko, eta horietara jo zuten muralak margotzeko. Horiek horrela, espresionismoa, abstrakzioa eta bestelako abangoardiak jorratu zituzten euren pinturetan, eta, hortaz, erakusketak hainbat joeratako obrak hartzen ditu.

Askotariko ikuspuntuak

Bilduma koadro handiez osatuta dago, izenondoaren bi adieratan, komisarioak zehaztu duenez: «Batetik, formatu handiko koadroak direlako, eta, bestetik, kalitate handikoak direlako». Proposamena ontzeko, hainbat instituzio eta bilduma pribatutara jo du Barañanok: besteak beste, Sociedad Bilbaina, Athletic Club museoa, Bilboko Elkarte Filarmonikoa, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Bizkaiko Foru Aldundia izan dira obrak maileguan eman dituzten zenbait erakunde, haietako batzuk erakusketak hizpide duen garaian bertan sortutakoak. Erakusketak, guztira, hamabost artisten begiradak jasotzen ditu: hala nola Aurelio Artetaren, Gustavo Maezturen eta Ignacio Zuloagaren sorkuntzak ikus daitezke. Halere, erakusketaren muina mende aldaketatik gertuko hamarkadetako artistek osatzen duten arren, XVI. mendetik XX. mendearen bigarren erdialdera bitarteko obrak aurki daitezke aretoetan, orokorrean. Hala, 1575ean argitaratutako liburu bateko Bilboren ilustrazio bat ikus daiteke, baita Agustin Ibarrolaren koadro bat ere.

Artista kopurua handia izaki, garai hartako Bilbo hainbat ertzetatik irudikatzea lortu du komisarioak: landa eremua, itsas giroa eta hiriko bizitza uztartuta ageri dira, eta garapen aro horren bukaera ekarri zuen 1936ko gerra ere agertzen dute pare bat koadrok. Gainera, erakusketako hiru aretoetako bat folkloreari eskaini diote oso-osorik. Ikuspuntuen subjektibotasuna azpimarratu du Barañanok: «Ez zuten egoera dokumentatzeko intentziorik, pinturaren bidez esperimentatzekoa baizik. Artisten historia pertsonala dira: Bilbo oso pertsonala islatzen dute, baina existitzen zena eta oso batua zegoena».

Bilboren ertzak, atalka

Erakusketara sartu eta berehala, Bilboren hainbat irudi ikusiko ditu bisitariak. Lehenengoa gaur egungo argazki batean oinarritutako infografia bat da; bigarrena, berriz, 1575. urteko liburu bateko irudia da, udalerria Zazpikaleetara mugatzen zenekoa. Barañanok azaldu du irudia 40 bat aldiz handituta dagoela, baina jatorrizkoa ere ikus daiteke, liburua ere badagoelako, aldameneko bitrina batean babestuta. «XIV. mendetik XIX. mendera, Bilbori buruz marrazki honetan agertzen dena ezagutzen zen soilik».

Argazkilaritzari esker, Bilboren ideia xeheago bat ematen hasi ziren, eta horren adibideak ere badaude erakusketan, pinturen sarrera gisara baitago kokatuta garai hartako argazki andana. Horietako batean, adibidez, San Antongo zubi zaharra ageri da, eraikitzen ari ziren zubi berria aldamenean duela. «Ingeniarien eta arkitektoen hiria ere bazen», ñabartu du komisarioak.

Erakusketaren muina —alegia, pintura—, hiru aretotan banatuta dago, Barañanok zehaztu duenez. Lehenengoan, bilbotarrak eta haien egunerokoa dira obren edukia. 1880ko hamarkadan Sociedad Bilbainarako eta Bilboko Elkarte Filarmonikorako eginiko koadroak daude ikusgai gehienbat, azaldu duenez. Wagnerren interpretazioen irudiak elizateetako musika saioen toki berean daude; Athletic futbol taldeko jokalarien erretratu bat dago, baita nabigazioa hizpide duten koadroak ere. «Mota guztietako ogibideak daude ordezkatuta», adierazi du komisarioak.

Bigarren aretoa bikoitza da, eta, Barañanok dioenez, «landa bizitzaren, itsas munduaren eta hiriko eguneroko eszenen arteko ezberdintasunak» agertzen dituzte, oro har, hango obrek. Koadroak inpresionistak dira «bereziki», eta batzuek abstrakziora jotzen dute, Julian Tellaetxeren Itsasontziak portuan edota Agustin Ibarrolaren Totem lanek, kasurako. 1925ekoa da lehena, eta 1972. eta 1974. urteetan ondutakoa bigarrena, baina biek ala biek irudikatzen dituzte «utzi berri den mundu horretako totemak»: itsasontziak eta lanabesak ageri dira sorkuntzetan, hurrenez hurren, baina pertsonaiarik ez dago. Halaber, Aurelio Artetaren Gerraren triptikoa obrak ere bat egiten du aurrekoekin, bukatu den mundu bat irudikatzen baitu. «1936an amaitzen da narratiba. Artetarentzat, portua erbesterako ihesa da».

Dena den, Artetaren koadro alaiagorik ere ikus daiteke erakusketan, hirugarren aretoan bere Erromerian 1 obra aurki daitekeelako. Izenak dioen bezala, jai giroa irudikatzen du Artetak, eta gai hori da nagusi erakusketari bukaera ematen dion aretoan, folklorea baitu ardatz hirugarren atalak. Hor dago, halaber, bildumako obrarik handiena: hamasei metro luze den Bermeoko irudi panoramikoa, portutik ikusita, Jose Maria Uzelaik ondua. «Biribilean osatutako koadroa da, artean existitzen ez zen olatu horma batetik abiatzen dena. Agertzen diren pertsonaia guztiak dira errealak: adibidez, Nestor Basterretxea eskultorea ageri da, 14 urte zituela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.