Indarkeriaren adierazmolde guztiek obsesionatuta bizi da Irene Arrias, Unai Elorriagaren (Algorta, Bizkaia, 1973) Iazko hezurrak eleberriko (Susa) protagonista: erasoa, tortura, hilketa, bortxa, atentatua, jazarpena, sarraskia, exekuzioa, krimena, gerra… Irene Arriasek hurbil sentitzen ditu bere inguruan denak. Horrek ahal duen guztietan biolentzia kasu lazgarrien bila jotzen du liburuetara, egunkarietara, Internetera, baladetara, sehaska kantetara…
Elorriagaren nobelak Irene Arriasen bizitza du hari nagusi, 1971ean Algortan jaio zenetik 2015 arte. Baina hari nagusi hori gero eta zabalagoa den “espiral batek” inguratzen du, Elorriagak azaldu duenez, Irene Arriasen bizitzako pasarte nagusien kontaketarekin batera denboran pasarte horiekin bat egiten duten indarkeriazko ekintzen berri ematen baita. Mundu osokoak dira indarkeriazko ekintza horiek, baina bi foko nagusi dituzte nolanahi ere: Euskal Herria eta Ruanda. “Indarkeriari buruzko gogoeta bat” da liburua, baina Elorriagak ez du testuan indarkeriari buruzko ondorio idatzirik ematen. Ondorioak irakurleen esku utzi ditu.
Formari dagokionez, "prosa narratibo berezia eta difereneta" eskaini du Elorriagak liburu berrian, aurrekoetan bezalaxe, Gorka Arrese Susa argitaletxeko editorearen ustez, eta Askotariko pasarteak aurkituko irakurleak: "Baditu une narratibo-nobeleskoak, baditu ipuinezkoak, baditu kronikaren traza dutenak, baita saiakerarena dutenak ere…".
Bost urte eman ditu Elorriagak Iazko hezurrak idazten. Refranes y sentencias liburuan irakurritako esaera zahar bat du oinarri Iazko hezurrak izenburuak: “Igazko asto hilak aurten lurruna”. Hasieran Iazko astoak izenburua zeukan pentsatua, eta geroago Iazko txakurrak –txakur asko ageri baita nobelan–, baina bi izenburu horiek baztertu egin zituen, izenburuan animalia jakin bat aipatzeak ekar zitzakeen konnotazioen beldur. Horregatik erabaki zuen azkenean Iazko hezurrak izenburua ematea nobelari. Liburuan maiz agertzen dira hezurrak indarkeriazko ekintzekin lotuta.
Bosgarren nobela du Elorriagak Iazko hezurrak. Aurreko laurak honako hauek dira: SPrako tranbia (Elkar, 2001), Van't Hoffen ilea (Elkar, 2003), Vredaman (Elkar, 2005) eta Londres kartoizkoa da (Elkar, 2009). SPrako tranbia-rekin Narratibako Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen 2002an.