Tolosako 48. Abesbatza Lehiaketa

Indonesiako Batavia Madrigal Singers abesbatza nagusitu da Tolosako lehiaketan

Sari nagusiaz gain, polifonia eta folklore sailetako sariak berenganatu ditu Indonesiako taldeak. Euskal Herriko Vocalia taldea musika profanoko atalean nagusitu da.

Indonesiako taldea, saria jasotzeko unean. ARGAZKI PRESS
Ander Perez Argote
2016ko azaroaren 1a
17:49
Entzun

Indonesiako Batavia Madrigal Singers taldea izan da Tolosako (Gipuzkoa) 48. Abesbatza Lehiaketako garaile nagusia. Gaur bukatu da lehiaketa. Asiako taldeak Kutxa sari nagusia lortu du, eta, gainera, talde onena izan da polifonia eta folklore sailetan. Era berean, kantu koraleko Europako sari nagusian lehiatzeko txartela lortu du Indonesiako abesbatzak; Tolosan bertan jokatuko da txapelketa hori, 2017an. Vocalia taldea Euskal Herriko abesbatza, bestalde, musika profanoko sailean izan da nagusi. Euskal taldeak, gainera, Eusko Jaurlaritzak euskal kanta baten interpretazio onenari ematen dion saria lortu du, Josu Elberdinen Ikusten duzu goizean piezari esker.

Polifonia sailean, Esloveniako St. Nicholas Choir Litija taldeak lortu du bigarren saria, eta Letoniako Female Choir Balta abesbatzak hirugarrena. Folkloreari dagokion atalean ere lortu du bigarren postua Esloveniako taldeak, eta hirugarrena Letoniakoak, kasu horretan, Vocalia taldearekin berdinduta. Musika profanoan, Erresuma Batuko Apollo 5 taldea sailkatu da euskal taldearen atzetik, eta Suediako Svanholm Singers abesbatzak lortu du hirugarren tokia. Publikoaren Saria, azkenik, Esloveniako St. Nicholas Choir Litija taldearentzat izan da.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.