Europako Batasuneko Kultura ministroak 2014tik 2020ra bitartean industria kulturalei emango zaizkien laguntzen sistema berriaren inguruan eztabaidatzeko bilduko dira gaur Bruselan. Europa Sortzailea izeneko programak 1.800 milioi euroko hornidura izango du 2014-2020 aldirako, eta erdia —900 euro— Media zinema arloko laguntza programara bideratuko da; programa horretara 755 milioi euro bideratu izan dira, urtero, aurreko zazpi urteotan.
Sistema berriaren arabera, zinemara bideratutako laguntzek aparteko laguntza izateari utziko diote, eta industria kultural guztiak batzen dituen programa-markoan txertatuko dira. Ikus-entzunezkoen arloko ekoizle batzuek ohartarazi dute erabaki horrek zinemagintzari kalte egin diezaiokeela.
Sistema berriak laguntzak bermatzeko funts batzuen sorrera aurreikusten du, 200 milioi eurokoa, arlo kultural guztietako egitasmoen finantzaketarako. Europako Batasuneko ministro gehienak funts horren alde agertu dira, baina Alemaniak zalantzan jarri du erabaki horren egokitasuna.
Aurrekontuen kopuru zehatza datorren urtearen amaieran erabakiko da, Europako Batasunaren finantza esparruari buruzko negoziazioak amaitzen direnean.
Industria kulturalen sustapena eztabaidagai dute gaur Bruselan
Europako Batasuneko Kultura ministroek sistema berriaren egokitasunaz eztabaidatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu