Joandako garaien lekuko dira, ekonomiaren parte esanguratsu izandako eta egungo historiaren atal garrantzitsu. Industria ondarearen inguruko erakusketa ireki dute Bilboko Zabalguneko kultur etxean, eta Hego Euskal Herriko, Galiziako, Kanarietako eta Espainiako ehun elementu arkitektonikoren argazkiak jaso dituzte, bakoitzari buruzko informazio zehatzaz batera. Industria Ondarea Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak apailatu du, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Hala, erakunde horretako presidente Miguel Angel Alvarezek eta Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek inauguratu zuten, atzo arratsean.
Industria ondarearen balioa nabarmendu, eta haren ikerketaren garrantziaz ohartarazi zuten biek. Erakusketan jasotako lanen artean daude, besteak beste, Nafarroako Olatzagutiko Portland Valderrivas lantegia eta Orbaitzetako Armen fabrika, Arabako Gesaltzako gatzaga, Portugaleteko Bizkaia Zubia, Sestaoko eta Barakaldoko Labe Garaiak, Donostiako Tabakalera, Beasaingo Auxiliar de Ferrocarriles lantegia... Erakusketa irailaren 22a arte izango da Bilbon ikusgai.
Industrializazioak historian utzitako arrastoak eta moduak
Hego Euskal Herriko zenbait eraikin eta tokiren argazkiak jaso dituzte Bilbon irekitako erakusketa batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu