Industriari begira, oholtza gainetik

BIME jaialdiak musika negozioari buruzko topaketak eta kontzertuak uztartuko ditu. Franz Ferdinand, The Prodigy, Ride, Anari, Delorean eta Orbital ariko dira, besteak beste

mikel lizarralde
2017ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Zerk egiten du BBK Live jaialdia erakargarri urtero-urtero, kartelari erreparatu gabe ere, bonua erosten duten milaka lagunentzat? Zergatik bihurtu dira makrojaialdiak musika negozioaren euskarri nagusi? Zer gertatuko da musika industrian 2018an? Badago hori aurreikusterik? Galdera horiei eta beste askori erantzuten saiatuko dira, gaurtik ostiralera arte, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC) egingo den BIME Pro topaketan bilduko diren 2.000 profesionalek. Duela bost urtez geroztik antolatzen ditu Last Tour enpresak musika negozioari buruzko jardunaldiak, eta urtetik urtera igo egin da horietan izena eman duten profesionalen kopurua. Hala ere, profesionalentzako gune ez ezik, zaleentzako topaleku ere izango da BIME, eta bi egunez, ostiralez eta larunbatez, kontzertuak ere antolatu dituzte BECen

Hitzaldi ugari izango dira BIME Pron, eta hamaika hizlariak eta horiek jorratuko dituzten gaiak. Besteak beste, Seymour Stein Sire diskoetxearen arduraduna, Gabi Ruiz Bartzelonako Primavera Sound jaialdiko zuzendaria, Deu Txapartegi WAS taldeko kidea, Molly Neuman Kickstarter mikromezenasgorako plataformaren ordezkaria, eta Alex Lopez Donostiako Dabadaba aretoaren programatzailea izango dira BIME Pron. Ostiralean, berriz, egile eskubideei buruzko jardunaldia antolatu dute, eta bi mahai ingurutan ariko dira zuzenbide alorreko eta Espainiako Jabego Intelektualaren Batzordeko ordezkariak, eta baita Espainiako Kongresuko Kultura Batzordean ari diren lau diputatu ere.

BIMEk badu industriari lotutako alderdi hori, baina bada bere garaiari, udazkenari alegia, lotutako musika jaialdi bat ere. Eta aurten ere askotariko proposamenak ekarriko ditu Euskal Herrira. Iaz PJ Harveyren kontzertuak eragin zuen ikusmin gehien, baina, aurten, ordea, badirudi ez dagoela —arreta mediatikoari dagokionez— besteen gainetik oso modu agerikoan nabarmentzen den artistarik. Baina interesgune ugari izango ditu, halere, jaialdiak, bai ostiralean, bai larunbatean.

Publiko zabal bat erakar dezaketen taldeei erreparatuz gero, Franz Ferdinanden izena ezinbestean aipatu beharrekoa da. Alex Kapranosek gidatzen duen taldea indar izugarriarekin agertu zen 2000ko hamarkadaren hasieran, post-punkaren eta poparen arteko nahasketa bizi eta erritmoz betea eginez, eta, orduz geroztik, beste hiru disko besterik ez ditu argitaratu. Agian ez du talde eskoziarrak estreinako disko haren distira errepikatu, baina lan guztietan utzi du Kapranosek bere talentuaren aleren bat edo beste. Laster disko bat kaleratzekoa da taldea, eta, Twitterreko bere kontuan orain gutxi zabaldutako mezu bati kasu eginez gero, gaur bertan eman dezake ezagutzera taldeak aurrerapen kantua.

Elektronikaren aldaerak

Molde ezberdineko taldeak dira The Prodigy eta Orbital, biek elektronika badute ere abiapuntu nagusi. The Prodigyk izugarrizko arrakasta komertziala lortu zuen 1990eko hamarkadaren amaieran, elektronikaren aldaera gogor eta dantzagarrienak landuz. Technotik breakbeat-era eta musika industrialera jauzi eginez. Taldearen azkeneko diskoa orain dela bi urtekoa da: The Day Is My Enemy. Orbitalek ere 90eko hamarkadan bizi izan zuen bere garairik gorena, Paul eta Phil Hartnoll anaien taldea techno adimentsua etiketapean sailkatu zutenean.

Elektronika da Delorean Zarauzko taldearen oinarrietako bat ere, nahiz eta gaur egun Bartzelonan kokatuta dagoen laukoteak pop musika egiten duen batik bat. Deloreanen disko berriak, baina, elementu bereizgarri bat izango du: Mikel Laboaren kantutegian egongo da oinarritua. Donostiako kantariaren alderdirik esperimentalean arakatu du taldeak, eta horren gaineko irakurketa planteatu du azaroaren 15ean argia ikusiko duen lan horretan. Ez da BIMEn joko duen euskal talde bakarra izango, Anari eta Rural Zombies ere izango baitira jaialdian.

Publiko zabalarentzat ez ezik, bestelako ikus-entzule batzuentzat ere bada BIME, eta horren isla izango da programazioan. Hala, lehenengo egunean Mark Eitzel eta Bill Callahan ariko dira Antzerkia gunean; bai bata bai bestea azkeneko 30 urteetan AEBetan egin den musika interesgarrienaren ordezkari dira —aurrenekoa American Music Club-ekin eta bigarrena Smog-ekin—. Eta proposamen ausarta da Einsturzende Neubatenena ere. 1980ko hamarkadaren hasieratik baitarama Blixa Bargeld gitarristaren inguruan sortutako taldeak musika abangoardiaren eremuetan mugitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.