Deabru Beltzak antzerki taldeak The Wolves kale ikuskizuna prestatu du, eta maiatzaren 6an aurkeztuko du ofizialki, Ingalaterran, Norwich Norfolk jaialdian. Hil bereko 7an ere ariko dira han. Estreinatu aurreko emanaldia Bilbon egingo dute: apirilaren 23an, Kaleszena ekitaldian.
Inauterietako larunbaterako -martxoaren 5erako- bertsio moldatu bat atonduko dute. Bilbon ariko dira, udalak antolatutako desfilean.
Hamelingo txirularia aintzat hartuta egin du ikuskizuna Deabru Beltzak taldeak. Bertsio libre samarra da, baina. Izan ere, "piano jotzaile maltzur baten istorioa kontatzen du", gaurko aurkezpenean esan dutenez. Eta xagurik ez da, otsoak baizik. Hiru txotxongilo erraldoi dira protagonistak. Bilboko Udalak dio "ikusgarria" dela lana.
The Wolves da talde haren "ikuskizunik garrantzitsuena", haren arabera. 1996an sortu zuten Deabru Beltzak, eta harrezkero hamar antzezlan aurkeztu ditu. Les tambours de feu-rekin (2002) 400 emanaldi baino gehiago egin zituzten.