Zinema. Estreinaldiak. Fantasien gatibu

Inozentziaren galera

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Hogeita bederatziko krisiaren ostean John Dillinger banku lapurra heroi bilakatu zen Amerikako Estatu Batuetan, eta, iritzi publikoaren ikusmina ase nahian, gangsterren pelikulak filmatzeari ekin zioten Hollywooden. Alkoholaren kontsumoaren debekuak eta krisi ekonomiko larriak gangsterren zinemaren loraldia ekarri zuten. Hala ere, urrezko aroak ez zuen askorik iraun, moralaren zaindarien ondorioz Hays kodea indarrean sartu baitzen 1934an. Hiritarrek bazekiten egoeraren erantzuleak Washingtonen eta Wall Streeten aurkitzen zirela, baina botereak ezin zuen halakorik onartu. Zinemagileek ezin zuten gaizkilea heroia izango balitz bezala erakutsi, eta, horregatik, gangsterraren idealizazioa amaitu beharra zegoen. Ongiaren eta gaizkiaren arteko muga nola edo hala mantendu behar zen, eta, azkenean, Hollywooden zentsura ezartzea lortu zuten. Gaizkileak hilda edota espetxean amaitu behar zuen derrigorrez, ez zitzaion anbiguotasunari edo erlatibismoari aukerarik txikiena ere eman behar. Horregatik, ondoren etorriko zen zinema beltzean protagonista ez zen gaizkilea izaten, detektibe pribatu ziniko eta eszeptikoa baizik. Pertsonaiaren anbiguotasuna begi bistakoa zen, baina argi zegoen ez zela pertsona txarra. Alabaina, zentsura zorrotza existitu arren, The Roaring Twenties (Raoul Walsh, 1939) eta antzeko lanek amets amerikarraren faltsutasuna agerian utzi zuten. Eddie Bartlett Lehen Mundu Gerran borroka egin duen soldadua da, eta etxera itzultzean lanik gabe izango da. Aberria defendatu arren baztertuta eta bakarrik sentituko da, eta gangster bat bilakatuko da. Legez kanpo daudenek herri xehearen miresmena lortu izan dute betidanik.Herriak boteretsuen aurkaoldartzen ziren heroien inguruko baladak abesten zituen zinema existitzen ez zen garaian. Dillinger Manhattan Melodrama (W.S.Van Dyke, 1934) ikusi ostean erail zuten. Filma ezin baitzen amaitutzat eman gaizkileak merezitako zigorra jasotzen zuen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.