Inprobisazioa eta herri doinuak atzo, BERRIAren alde

Inigo Astiz
2013ko maiatzaren 24a
14:24
Entzun

Jazz doinuko tradizioa. Inprobisazioa eta herri doinuak uztartu zituen Igelaren Banda taldeak atzo Bilbon BERRIAren alde eskaini zuen kontzertuan. Bixente Martinezek gidaturik, Preguntatxo bat izeneko diskoko kantak aurkezten izan ziren musikariak. Orain aste batzuk kaleratu zuten lana, baina ezagunak ziren, halere, kanta gehienen oinarriak. Izan ere, maiz kanta tradizionalak hartzen ditu Igelaren Bandak abiapuntu gisa, eta inprobisatu egiten dute gero doinu horien gainean. Inguruan ematen zuten lehen saioa zen, eta erantzun zuen jendeak. 70 pertsona baino gehiago bildu zen Kafe Antzokian. Aulkietan lekurik ez, eta zutik gelditu behar izan zen zenbait jende. BERRIAren hamargarren urteurrena ospatzeko Hamarnaka kontatzekoak gara kanpainaren barruan antolatutako ekitaldia izan zen, eta euskarazko prentsak duen garrantzia nabarmendu zuen Martinezek kanta eta kanta arteko aurkezpenetan.

Konplizitatea igartzen zen musikarien artean. Bixente Martinez gitarra jotzaileak, Hasier Oleaga bateriak eta Amaiur Cajaraville kontrabaxu jotzaileak osatzen dute taldea, berez, baina aldaketa bat izan zen atzokoan. David Ruiz aritu zen kontrabaxuarekin Cajaravilleren ordez. Lehenegoz aritu zen taldea taula gainean formatu horrekin, baina ez zitzaien askorik kostatu elkarri neurria hartzea. Lehenago ere arituak dira elkarrekin Ruiz eta Oleaga beste jazz talde batzuetan, eta igartzen zen konfidantza hori. Publikoak txalo eginez eskertu zizkien, gainera, emanaldian egin zituzten bakarkako inprobisazio saioak.

Harkaitz Cano idazleak, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Lorea Agirre kazetariak BERRIAri buruz egindako bideoa ere ikusi ahal izan zuten bertaratu zirenek. Martxelo Otamendi egunkariko zuzendariak urteurrenaren kanpainaren inguruan egindako sarrera aurkezpenaren ondoren hasi zen kontzertua, eta bisa ere kontuan harturik, ordu eta erdi inguruko saioa eskaini zuten musikariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.