Instituzioak eta Txillida familia, akordiotik inoiz baino urrunago

Familiak museoa saldu nahi du, baina Aldundiak eta Jaurlaritzak esan dute orain erostea ezinezkoa dela

Igor Susaeta.
Donostia
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Txillida familiaren abokatuekin bildu ziren atzo, Donostian. Halere, bileraren ondoren akordiotik inoiz baino urrunago daude bi aldeak. Izan ere, familiak Txillida Leku museoa saldu nahi du, baina instituzioek esan dute hori erostea ezinezkoa dela egungo egoeran. «Oraingo egoera ekonomikoarekin inondik inora ezin diogu gastu horri aurre egin. Haiei gauzak errazteko ahaleginean gabiltza», adierazi zuen Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuak, bileraren ondoren. Txillida familiak, berriz, uko egiten dio planteamendu horri. «Erosketa-salmenta testuinguru batean bakarrik ireki daiteke berriro museoa», jakinarazi zuen komunikatu batean, bileraren ondoren. Txillida Leku museoak hamar urteko bidea egin zuen, baina, arazo ekonomikoak direla medio, itxita dago 2010eko abenduaren 31tik.

Instituzioek esan dute prest daudela museoaren kudeaketa haien gain hartzeko. Horretarako, «hainbat planteamendu» egin zizkieten atzo Txillida familiaren abokatuei (Txillidaren oinordekoak ziren bilerara joatekoak), museoa «ahal bezain pronto» zabaltzeko asmoarekin. Urgellek eta Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuak azaldu zieten hitzarmen bat lortzea izango litzatekeela egokiena, «egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta». Hala, instituzioek hiru bide planteatu dituzte. Batetik, museoari diru laguntza ematea defizita estaltzeko, baina horren kudeaketaz familia arduratzea. Bestetik, bi kontuez, zuloa estaltzeaz eta kudeaketaz, instituzioak beraiek arduratzea. Eta azkenik, bi aldeen artean erdibideko bide bat bilatzea. Dena den, atzoko bileran ez zen «zenbakiez» hitz egin.

Familiak, ordea, bestelako asmoak ditu. Txillida Leku «jabetza pribatutatik jabetza publikora pasatzea» hitzartu nahi du instituzioekin. «Etorkizun publiko segurua» eman nahi dio, eta, aldi berean, «bidezko ordain ekonomikoa» jaso. Beraz, langintzarako «proposamen serioa» egin die instituzioei, «horretarako epe argiak jarrita, konpromiso sendo bat sinatuta, eta familiak jarritako hiru baldintzak errespetatuta. Orduan bakarrik abiaraziko genuke museoa berriro irekitzea ekarriko lukeen prozesua». Txillida familiak hiru baldintza jarri zituen bere garaian. Aurrenekoa dabildumen batasun iraunkorra babestea eta horren konfigurazio bera gordetzea gaur egungo lur eremuetan. Bigarrenak museoaren «izaera monografikoa» du oinarrian. Hortaz, familiak ez du beste edozein artistaren obrarik nahi museoan, baina begi onez ikusten du museoaren inguruan espazio berriak sortzea, eta horietan behin-behineko erakusketak egitea. Hirugarren baldintzan, berriz, familiak beto eskubidea dauka Txillidaren obran eta irudian eragin dezakeen horretan.

Urgellek jakinarazi zuen, ordea, haiek hitzarmenaren bidea landu dutela, baldintzak zehaztuta ez dauden arren: «Detaileetan sartu baino lehenago, halere, familiak jakinarazi beharko liguke ea ideia ona iruditzen zaion Txillida Leku berriro zabaltzea». Jaurlaritzako sailburuaren ustez, ez dakite «argi» familiak zer nahi duen. Aurreko bilera abenduan egin zuten, eta atzokoaren bezperan Urgellek adierazi zuenez, negoziazioak «bertan behera» utziko dituzte, aurrerapausorik eman ezean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.