'Instructions for Survival' filmak irabazi du Zinegoak sari nagusia

Dok saria eta Aniztasunaren eta Giza Eskubideen Saria ere lortu ditu. Transen errealitateak jasotzen dituzten filmak izan dira nagusi

Yana Ugrekhelidzeren Instructions for Survival filma. ZINEGOAK.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Zinegoak Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdiak atzo jakinarazi zituen aurtengo saridunak, eta transen errealitateak eta bizipenak jasotzen dituzten lanak izan ziren nagusi. Film luzeetan, Instructions for Survival gailendu da, eta, laburretan, 17 minutos con Nora. Yana Ugrekhelidzek zuzendutako dokumentalak irabazi du Zinegoak sari nagusia, baita Dok saria eta Aniztasunaren eta Giza Eskubideen Saria ere.

Georgian girotuta dago Instructions for Survival filma, eta bi pertsonaren istorioa kontatzen du: bata transa da, eta bestea, zis heterosexuala. Epaimahaiaren arabera, giroa oso erasokorra den arren, aurrera egiteko borrokan jarraitzen dute, euren gorputza erabiliz «independentzia ekonomikorako elementu gisa». Amatasun subrogatuaren gaia lantzea ere positibotzat jo dute.

Eman dituzte sari gehiago ere. Krak sariaren irabazlea Reka Valerik zinemagilearen Silent Voice izan da. Fik pelikularik onenarena, berriz, Laura Samaniren Piccolo corpo-k lortu du. Epaimahaikideek azaldu dute elementu zinematografiko guztiek bat egiten dutela: «Ikus-entzuleak ezagutu gabeko sentsazio eta emozioak jasotzen ditu». Bestalde, Angeles Cruzen Nudo mixteco filmari eman diote Lesbianismoaren eta Generoaren Saria, duen «sakontasuna» aintzat hartuta.

Euskal Aktoreen Batasunak ere jaialdian izandako antzezpenik onenak saritu ditu. Fikziozko film luze bateko antzezpen nagusi onenaren saria Woman Do Cry filmeko Maria Bakalovarentzat izan da, eta taldeko antzezpenik onenarena Pio Marmai aktoreak irabazi du, La fracture lanarekin.

Film laburrei dagokienez, Imanol Ruiz de Lararen 17 minutos con Nora-k lortu ditu sari gehien. Bi irabazi ditu: ikusleena eta gazte epaimahaiarena. «Pelikularen argazkia oso erreminta indartsua da», argudiatu dutenez.

Azkenik, ZG PRO saria ematen zaie garapen prozesuan dauden proiektuei, eta Lola Clavok zuzendutako Mujeres, una oda butch lanak irabazi du.

Atzo egin zuten itxiera ekitaldia, baina aurreratzean ere izango da filmak ikusteko parada. Filmin plataformaren bidez, lan batzuk ikusgai izango dira hilaren 13ra arte. Hainbat herritan ere proiektatuko dituzte, ZG Hedapena eta ZineGogoak egitasmoei esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.