Hilberria. Gore Vidal

Intelektual polemikoa

Igor Susaeta.
2012ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Idazlea, saiakera egilea, gidoigilea, politikari frustratua... eta, batez ere, polemikoa, oso polemikoa. Gore Vidal estatubatuarrak (West Point, New York, 1925-Los Angeles, Kalifornia, 2012) luma fin-fin zorrozten zuen idazten zuen bakoitzean, eta aho bizarrik gabe mintzatzen zen mikrofono bat aurrean jartzen ziotenean. Noam Chomsky, Normam Mailer eta Susan Sontagekin batera, AEBetako Gobernuak —oraingoak eta lehengoek— politika egiteko duen moduari egur gehien eman dion intelektualetako bat zen. Los Angelesen hil zen, atzo, pneumoniak jota. 86 urte zituen.

Aita hegazkingintzako irakaslea zuela eta, base militar batean jaio zen. Thomas P. Gore haren amaren aldeko aitonak, baina, literaturarantz eta politikarantz bultzatu zuen; Oklahomako senadorea izana zuen aitona. II. Mundu Gerrara joan zen soldadu, eta Ozeano Barean igorrita zegoen bitartean idatzi zuen bere lehen nobela, Willawaw (1946) izenekoa. Bi urte geroago, berriz, The City and the Pullar-i harrera ezin hobea egin zion kritikak. Homosexual bat zen protagonista, eta zeresana eman zuen eleberriak. Vidalek berak ez zuen arazorik izan bere homosexualitatearen berri ematerakoan. Jazarria sentitu zen horregatik.

Bere ibilbide emankorrean filmetarako gidoiak ere idatzi zituen. Suddenly, Last Summer-ekoa (1959), adibidez, berea du. Polemikoa zen oso. Esan zuen 2001eko irailaren 11ko erasoak AEBetako Gobenuaren konspirazio bat izan zirela; George Bushek lapurtu egiten zuela hauteskundeetan, edo AEBen populazioaren herena «arrazista» zela, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.