Donostiako 73. Musika Hamabostaldia

Interprete gazteek Debussy eta Escudero gogoratuko dituzte

Musikeneko taldeenak izango dira musikari gazteen zikloan emango diren bost emanaldietako hiru

Musikariak eta antolatzaileak, atzo, zikloaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Claude Debussy eta Francisco Escudero musikagileen lanak izango ditu ardatz nagusi aurtengo ekitaldian Donostiako Musika Hamabostaldiak interprete gazteei eskainitako zikloak, astelehenetik aurrera, Miramar jauregian. Hamabostaldiaren barruan ezinbesteko bihurtua da jada ziklo hori, oso estimatua entzuleen aldetik eta are estimatuagoa parte hartzen duten musikari gazteen aldetik.

Aurtengo zikloa osatuko duten bost emanaldietatik hiru Musikene Euskal Herriko goi mailako musika ikastegiko ikasleek sortutako beste horrenbeste taldek eskainiko dituzte: Cirkus Ensemble, Ensemble UgHari eta Trio San Sebastianek. Musikenerentzat garrantzi handia du parte hartze horrek, Patri Goialde Musikeneko kudeatzaile akademikoaren iritziz. «Gure helburua, azken finean, ikaslea profesionaltasunaren bidean jartzea da. Bide horretan, horrelako ekitaldi baten barruan jendaurrean aritzea aurrerapauso handia daikasleentzat».

Cirkus Ensemblek jarriko du abian zikloa, hilaren 20an, astelehenarekin, 20:00etan —ordu horretan hasiko dira zikloko kontzertu guztiak—. Zikloko talde handiena da, hamabi musikarik osatua, eta abangoardiako musika zabaltzeaz arduratua. Gustav Mahler, Arnold Schoenberg eta Francisco Escuderoren lanak emango ditu.

Paisaiei buruzko lanak

Bigarren emanaldiaTeresa Albero sopranoak eta Erik Garcia pianistak emango dute, hilaren 21ean, paisaiak deskribatzen dituzten obrak interpretatuz, bi egilek sortuak: Claude Debussyk eta Enrique Granadosek.

Abuztuaren 22an Ensemble UgHari taldearen txanda izango da. Amaia Asurmendi eta Iraia Bereziartua biolinistek, Irene Tardajos biola jotzaileak, Ivan Siso biolontxelo jotzaileak eta Irene Prieto pianistak osatzen dute. Kontzertuan bi formaziotan banatuko dira, Asurmendik azaldu duenez: batetik, biolin batek, biolontxeloak eta pianoak osatutako hirukotea; bestalde, harizko laukotea. Maurice Ravel eta Claude Debussyren obrak jo ondoren, Dmitri Xoxtakovitxen bat emango dute.

Pierre Delignies pianistak eta Fermin Villanueva biolontxelo jotzaileak hartuko dute Ensemble UgHariren lekukoa, hilaren 23an, Franz Liszt, Gaspar Cassado, Claude Debussy eta Cesar Francken lanak emanez.

Azken emanaldia Trio San Sebastian hirukotearena izango da, hilaren 24an. Franz Schuberten obrak emango ditu kontzertuaren lehen zatian; Escudero eta Ravelenak bigarrengoan. Antonio Viñuales Perez biolinistak, Salvador Bolon Edo biolontxelo jotzaileak eta Aida Maldonado Diaz pianistak osatzen dute taldea.

Bien bitartean, gaurko egitarauari dagokionez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Andra Mari abesbatzaren emanaldia dago iragarria gaurko, 20:00etan, Kursaaleko auditoriumean, Francisco Escuderoren Illeta emango dute, aurretik Paul Dukas eta Maurice Ravelen obra bana interpretatu eta gero. Pascal Rophek zuzenduko du orkestra, eta Jose Manuel Tifek abesbatza. Bakarlari gisa, Marta Zabaleta pianista eta Jose Manuel Diaz baritonoa ariko dira.

Larunbatean eta igandean ez da emanaldirik izango Hamabostaldiaren programazioan, eta astelehenean, Cirkus Ensemblek interprete gazteen zikloan egingo duenaz gain, Arantxa Ezenarro sopranoarena dago iragarrita, Viktoria Eugeniako antzokiko Club aretoan.



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.