Munduan beste askok bezala, ahoz aho zabaldu izan dute inuitek beren kultura. Jakina, igluak ez dira liburutegiak hartzeko eginak, eta nekez dantza daiteke luma eskularruz jantzita. Tira, utikan txantxa txarrak. Bi taldetan sailka daitezke inuiten ahozko ondarea osatzen duten istorioak: batetik, okalugtuat edo elezaharrak, inuit guztien ondare direnak, eta mila urtetik gorako ibilbidea dutenak; eta bestetik, okalualarutit edo eleberriak, tokian tokiko inuiten kontakizunak —besteak baino askoz berriagoak dira, baina duela bizpahiru mendekoak izan daitezke—.
Elezahar horietariko batek, esaterako, mundua bele-gizon batek sortua dela dio; uretatik lurra atera zuela, mokoa erabiliz. Kontakizun berriagoetan, berriz, marinel ingelesak azaltzen dira, adibidez. Bitxikeria gisa, eskandinaviarrak eta euskal baleazaleak izan ziren inuitek ikusitako lehenengo europarrak. Badirudi ez zutela ia harremanik izan euskaldunekin; inuitek ez zuten haien egitekoa oztopatzen, baina negua heltzean, arrantzaleen kanpamenduetan sartu eta burdinazko tresnak lapurtzen zituzten.
Beren bizilekuak bezain bereziak dira inuiten sinesmenak. Aurora polar edo ipar argiak zeruan azaltzen direnean, hainbat inuitek arbasoen espirituak ikusten dituzte dantzan. Beste batzuek, ordea, zorigaiztoko argiak direla uste dute, eta, norbait haiei begira txistuka hasiz gero, argiak jaitsi eta burua ebakiko diotela. Inuiten esaera batek honako hau dio: «Geure existitzearen arriskua honakoan datza: geure dieta arimaz osatua dela». Izan ere, inuitek uste dute izaki eta gauza guztiak direla arimaren jabe.
Mariano Aupilaarjuk idazle inuitak zera dio: «Batzuek diote inuitok ez dugula inoiz legerik izan. Zergatik diote hori? Ez ditugulako paperean idatzi. Nik zera uste dut paperari buruz: eskutan hartuta urratu daitekeela, eta hala desagertzen dela legea. Inuiten legeak ez daude paperetan». Hain zuzen ere, hiru oinarri ditu inuiten jatorrizko gizalegeak: maligait (jarraitu beharrekoa), piqujait (egin beharrekoa) eta tirigusuusiit (saihestu beharrekoa). Eta noski, legeei buruz esandakoak literaturarentzat ere balio du.
Inuit harrotasuna
Gauza jakina da elurra esateko dozenaka hitz erabiltzen dituztela inuitek; baina jakina izan arren, ez da egia. Izan ere, euskarak bezalaxe, hitz elkarketa ahalbidetzen dute inuit hizkuntzek, eta horrek eragin zuen ugaritasun irudipena ikertzaile kanpotarrengan. Jakina denez, eskimal edo eskimo izenez ere ezagunak dira inuitak. Haragi gordina jaten dutenak esan nahi du, berez, eskimo hitzak; nolanahi ere, izendapen horien erabilera gutxitzen ari da, hain justu, gutxiesgarria delakoan. 1960ko hamarkadan hasi zen indartzeninuiten talde kontzientzia,hainbat herritako gazte inuitak bigarren hezkuntza egiteko elkartzen hasi zirenean, Kanadan.
Ikerlariek diotenez, inuit herri guztiek etxe berean dute jatorria; alabaina, gehienek ez dute elkarren berririk izan azkenekomilaka urteetan. Ez da harritzekoa; izan ere, mendez mende mugitu eta irautearen poderioz, lurralde zabaleko herriak dira. Kanadan, Inuit Nunangat deritzote inuiten bizileku diren lurraldeei. Horien artean, honako hauek bereizten dituzte: Artikoko Nunavut (geure lur ederra), Quebec iparraldeko Nunavik (bizilekua) eta Labrador eskualdeko kostaldea: Nunatsiavut (geure lur ederra).
Baina beste hainbat lekutan ere bizi dira inuitak: inupiat delakoak Alaskan; yupik deiturikoak Alaskan nahiz Errusiako Ekialde urrunean, eta kalaallit izenekoak Groenlandian.
Inuit hizkuntzen artean, kalaallisuta da nagusietariko bat—Groenlandian mintzo da—. Kalaallit direlakoak 50.000 inguru dira; Groenlandiako biztanleen %80, hain zuzen ere. Danimarkako hiritarrak dira legez, baina ez Europako Batasunekoak. Duela hiru urte, Inuit Ataqatigiit alderdi ezkerzale eta independentistak irabazi zituen Groenlandiako hauteskundeak, eta badirudi denbora kontua baino ez dela independentzia erdiestea. Izan ere, Danimarkako Estatuak aitortua die autodeterminazio eskubidea.
Lehiaketan, testuak ingelesez
Amerikako inuit hizkuntzen artean, Kanadako inuktituta da nagusia. Berriki aditzera eman dutenez, CODE erakundeak literatur lehiaketa bat antolatu du, Kanadako First Nations, Metis eta Inuiten literatur lanak sustatzeko. Scott Walter CODEko zuzendariak azaldu duenez, talde indigena horietako agintariek aspalditik azpimarratu dute irakurzaletasuna eta idazmena gazteen artean sustatu beharra, eta eskari hari erantzuteko sortu dute Burt Award sarien Kanadako saila. Hala eta guztiz ere, ingelesez idatziriko lanak soilik hartuko dituzte kontuan; horrenbestez, sari horrek inuiten kultura idatzia sustatuko duela esatea zalantzagarria da oso.
Inuiten kultura bizirik eta taupaka dago egun. Arte grafikoak, oihalgintza, kantuak eta ikus-entzunezkoak gailentzen ari dira. Wikipedian arakatuz gero, Inuit writers kategorian ez da oraindik idazle askorik ageri, ez eta informazio askorik ere ageri diren idazle bakanei buruz. Ea kultura idatzia ere beste alor batzuk adina indartzen den, inuitek berek beren hizkuntzetan Inuit Qaujimajatuqangit delakoa zabal dezaten.
Literatura
'Inuit Qaujimajatuqangit'
Izenburuko hitz horiek «inuiten ohiko jakituria» idatziz itzuliko balira, motz geldituko lirateke. Izan ere, inuitak inuit egiten dituen oro da 'Inuit Qaujimajatuqangit'. Haien bizimodua, sinesmenak, musika, dantzak... eta, noski, baita hizkuntza eta literatura ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu