Guggenheim museoak iPad eta SmartPhone gailuetarako zuen aplikazio bateko irudiak ezin izango dira oraingoz ikusi, irudi horiek «badaezpada eteteko» agindu baitu Bilboko Merkataritza Auzitegiak. Zerbitzu horrek 37 artistaren obrak ikusteko aukera eskaintzen zuen. Auzitegiak, ordea, uste du Guggenheim Museoa Fundazioak eta TF Editores argitaletxeak ez dutela lizentziarik obra horiek ustiatu dituzten moduan ustiatzeko. Ondorioz, edukiak aplikazio horretatik eta egon daitezkeen bestelako zerbitzarietatik kentzeko agindu die.
Vegap artista plastikoen egile eskubideak kudeatzen dituen elkarteak jarri zuen auzi eskea, museoak zerbitzuaren berri eman ondoren. Oraingoz, eskaintza horrek autoreen eskubideak urratzen dituen edo ez argitu arte geratuko da bertan behera zerbitzua. Guggenheimeko bozeramaile batek jakinarazi du epailearen erabakiari helegitea jarriko diotela.
Tresna 2,99 euroan saltzen zuten, App Store-n. 300 eduki baino gehiagora sartzeko aukera eskaintzen zuen, testu, irudi eta bideoak barne. Horrekin batera,museoaren inguruko programazioa, eraikinaren ingurukoa eta autoreen biografiak kontsulta zitezkeen.
Museoa eta Vegap
Museoko iturrien arabera, aplikazioa salgai jarri aurretik Vegap elkartearekin jarri ziren harremanetan, autoreen eskubideez eta abarrez hitz egiteko. Elkarteak, ordea, «negoziazioak hautsi zituen», haien hitzetan. Gainera, debekuak soilik bost artistari eragin beharko liekeela diote, gainerakoekin obra hainbat euskarritan ustiatzeako kontratuak sinatu zituztelako. Bost artista horiekin akordiorik izan gabe ere, eskaintzan sartu zituen Guggenheim museoak. «Ez da horren ezohikoa; batzuetan lizentziaka posteriori ematen dira».
Museokoek diotenaren aurka agertu da Vegap elkartea. Haren arabera, ez da negoziaziorik izan, eta «zilegi ez den ekintza» hori ezezaguna zitzaien.
IPad-erako hainbat irudi kendu beharko ditu Guggenheimek
Zerbitzuan 37 artistaren lanak ikus zitezkeen; auzitegiak dio museoak ez duela obra horiek ustiatzeko lizentziarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu