Ipar Euskal Herriko bertsolarien zerrenda plazaratu du Soulek

Etxeparetik Aitor Sarasuara, urte anitz eskatu dio ikerlanak; bertsozaleen jakintza sakontzea espero du

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian bertsolaritza zein aberatsa izan den dastatzeko aukera eman nahi du Beñat Souleren (Irisarri, 1947) liburu berriak: Neurtizlari, Bertsulari, Iparraldez (Euskaltzaleen Biltzarra). «Uste dut Iparraldeko bertsolaritzak merezi duela ezagutua den baino gehiago ezagutua izatea», dio autoreak. Eta, bide batez, gazteei ere bertsotan segitzeko gogoa eman.

Ikerketa 1995ean hasi zuen. Edukia bakoitzaren biografiak osatzen du, argazki batez lagundurik. Bertsolariak idatzi dituen bertso sailen tituluak ere azaltzen dira, baina bertsoak biziki guti. Soulek berak dioen bezala, «behar litezke, bestela, beste hogei liburu. Bada izugarrizko bertso aldea». Bernat Etxepare (1480?-1545?); Allande Oihenart Etxart (1592-1668); Martin Larralde, Bordaxuri (1782-1821); Etxahun (1786-1862), edo beste; ezagun guztiak hor dira, baina ez bakarrik. Bertso idatzietan arituak sartuak ditu, baina baita ere bat-batean arituak. Horiek zein txapelketetan parte hartu duten eta zein sariketa irabazi duten zehaztua du. «Osatzeko, zenbaitentzat, istorio labur eta anekdota txiki batzuk ere bai, oso plazer egiten dutenak, gal ez daitezen».

Lekukotasun asko jaso ahal izan ditu familiengandik Soulek, anitz bisitatu baititu: «Eztei, bataio eta horrelako familia ospakizunetan anitz bertso kantatzen baitzuten». Atzeman ahal izan dituen guztiak sartu ditu. Izan zitezkeen gehiago. Funtsean, jadanik atzemanak ditu beste batzuk.

Liburuko zerrenda Itxaro Borda eta Aitor Sarasuarekin bururatu du. Emazteen aldetik, Mari Luixa Erdozio (1846-1925) azkaindarraren aipamena ere aurki daiteke, Ipar Euskal Herriko bat-bateko bertsolari zaharrarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.