Gaur abiatuko da 17. Iparra-Hegoa jaialdia. Aurten hilabete osorako egitaraua prestatu dute, orain arte astebetekoa baino izaten ez zelarik, eta horixe da berrikuntza nagusia. Seguran (Gipuzkoa) iraganen dira ekitaldi gehienak, azken astean ospakizunek indar berezia hartuko dutelarik. Hala, hilabete osoan, hitzaldi, bertso, musika emanaldi eta haurrentzako egitarauaz gozatzeko parada izanen da.
Iparra-Hegoa duela 17 urte sortu zen elkartea da. Proposamen kultural ugariren bidez, euskal herritarren arteko ezagutza sustatzea du helburu. «Euskal herritar izatea era naturalean bizitzea da gure nahia», adierazi du Lierni Elortzak, Iparra-Hegoaren antolatzaileetako batek. «Egia da muga batzuk inposatuak zaizkigula, baina maiz guk geuk ezartzen dizkio geure buruari».
Jaialdia urtez urte bere fruituak ematen ari dela uste dute antolatzaileek. «Toki ugaritako euskal herritarren ezagutza ahalbidetzen duela uste dugu, eta harreman ugari egin direla», adierazi du Elortzak. «Ospakizunaren azken igandean antolatzen dugun herri bazkarian, zazpi lurraldeetako jendea biltzen da; hori sekulako poza da».
'Gartxot', filma eta hitzaldia
Nafarroako Erresumaren konkistaren 500. urtearen kari, jaialdiko hitzaldiek gai horri helduko diote. Gartxot, konkista aitzineko konkista filmaren emanaldia eta Asisko Urmenetaren hitzaldia izango dira, konkista aurreko garaiaz mintzatzeko. Nafarroaren konkista gaiari buruzko solasaldia ere iraganen da, Beñi Agirrek emanik. Bukatzeko, Ipar Euskal Herrian 1200. eta 1512. urteen artean zegoen egitura politikoari buruzko mintzaldia eskainiko du Filipe Bidartek. «Hiru garai garrantzitsu aipatuko dira», azaldu du Beñat Elizondok.
Duela 15 urtetik hona, Haurren Eguna ere antolatzen dute. Urtero hainbat ikastolatakoak gonbidatzen dituzte. Aurten, Lodosa, Azkaine eta Senpereko haurrak joanen dira Segurara, Segurako ikastolako haurrekin batera. Helbura bera da: ezagutza bultzatzea.
Iparra-Hegoa jaialdiak hilabete osorako programazioa du aurten
Nafarroako Erresuma konkistatu zutela 500 urte bete direla eta, egitarauan leku berezia izanen du gertakariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu