Ipuinak erakusleihoan

Donostiako KM kulturuneak narrazio tradizionalen mundua bildu du erakusketa batean

Erakusketan ipuinari loturiko elementuak daude. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Koldo Mitxelena kulturunera sartu bezain pronto, babarrun landare erraldoi batek erakutsiko dio bisitariari Ganbara aretorainoko bidea. Igo eta bertan, Anton Mendizabalek eginiko kobrezko espiral batek egingo dio ongietorria. Donostiako kultur zentroak, Galtzagorri elkartearekin elkarlanean,ipuin tradizionalei eskainitako Kontuari kontu erakusketa zabaldu zuen atzo, herri ipuinek eskaintzen duten munduan oinarrituta, haien edertasuna sentitu, ikusi, entzun eta irakurri ahal izateko bidea ematen duen erakusketa.Egitasmoa Itziar Zubizarretak sortu eta koordinatu du, baina hogei laguneko taldea izan du aretoaren moldaketa artistikoa egiten. Erakusketa abuztuaren 25era arte egongo da irekita.

Kontuari kontu egitasmoak bi helburu ditu: batetik, euskal ipuinak, euskal tradizioa berreskuratu eta ezagutzera ematea, eta, bestetik, ipuinen funtzio didaktikoa berreskuratzea. Hain zuzen ere, horri erantzuten dio KM kulturuneko aretoak.

Aretoak bi osagai nagusi ditu: tradiziozko ipuin bildumatxo bat eta erakusketa bat. Zubizarretak euskal tradizioko lau ipuin moldatu ditu aretorako, eta horietako bakoitza irudigile batek ilustratu du: Alaba eta alabaordea (Eider Eibar), Errege zorria (Jon Zabaleta), Hiru olatuak (Maite Gurrutxaga) eta Zazpi lapurrak (Iñaki Martiarena, Mattin). Lau liburuxkak eta horiekin sortutako ipuin musikatuen CDa kutxatxo batean bildu dituzte. Zuriñe Gerenabarrenak lan horietarako propio sortutako musikarekin batera entzun daitezke lau ipuinak CDan ,Patxi eta Itziar Zubizarretaren ahotsetan.

Lau irakurketa gune

Erakusketak, bestalde, lau irakurketa gune dauzka, eta horietako bakoitzean ipuina sinbolizatzen duen objektu bat dago zintzilik. Horretaz gain, ipuinek irudikatzen dituzten mundu bereziak eta arketipoak ikus daitezke liburu bilduma baten ilustrazioetan. Ipuin sorta hori KM kulturunearen Gasca bildumakoak dira

Azkenik, ilustrazioaren alorretik jasotako proposamen berriak ere biltzen ditu erakusketak, hala nola Begoña Durrutik, Maite Caballerok, Idoia Beretarbidek, Oihana Leundak, Josean Molasinek eta Aitziber Akerretak eginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.