Zinema. Estreinaldiak

Iragana, arrisku bihurtuta

Scott Derricksonen 'Sinister' beldurrezko filmak Ethan Hawke aktore ezaguna du protagonista

Gontzal Agote.
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Iragan iluna ezkutatzen duen etxe misteriotsu bat. Hara bizitzera joaten den familia itxuraz normala. Handik eta hemendik gertaera ilunen arrastoak agertzen hasiko dira. Izua nagusituko da.

Lehen kolpean, ez dirudi Sinister-ek inoizko argumenturik originalena duenik. Beldurrezko film peto-petoa da, eta generoaren arau guztiak beteko dituela ematen du. Izan ere, pelikula honen atzean beldurrezko filmetan iaioak diren bi pertsona daude. Batetik, Derrickson zuzendaria, harena baita 2005eko The Exorcism of Emily Rose. Eta ekoizle lanetan, Insidious eta Paranormal Activity» film arrakastatsuak ekoitzi dituen Robert Cargill dugu.

Harrigarriagoa da Ethan Hawke aktorea gisa honetako proiektu batean topatzea. Orain arte, film independente edo kalitatezkoetan parte hartzeagatik nabarmendu da Hawke; oraingoan, ordea, erregistro berrian probatu nahi izan du, eta harena da Sinister-eko protagonismo ia osoa.

Ellison sona handiko idazlea da. Herrialde osotik bidaiatzen du bere liburuentzako oinarri izanen diren istorio ezohikoen bila. Horrela ailegatuko da familiarekin etxe misteriotsu batera. Aspaldi batean hilketa ikaragarri bat gertatu omen zen.

Pelikula zati batzuk aurkituko ditu Ellisonek, eta, horiek aztertzerakoan, iraganean gertatu zena argitzeko materiala direla ohartuko da. Baina horiek aztertzen hastearekin, etxean kontu beldurgarriak hasiko dira gertatzen. Ellison zein bere familia mehatxatuta sentituko dira.

'SINISTER'

Zuzendaria: Scott Derrickson.

Aktoreak: Ethan Hawke, Vincent D'Onofrio, James Ransone, Fred Dalton Thompson, Clare Foley, Victoria Leigh.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2012.

Iraupena: 110 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian eta hurrengo astean, Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.