'Elle s'appelait Sarah'

Iraganeko sekretuak

Gontzal Agote.
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Zuzendaria: Gilles Paquet-Brenner. Gidoia: Gilles Paquet-Brenner, Serge Joncour. Aktoreak: Kristin Scott Thomas, Melusine Mayance, Niels Arestrup. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 111 minutu.

Gontzal Agote

Sikiera txukun eta indartsu amaitu da Sail Ofiziala. Lehiaketaz kanpo aurkeztu da Gilles Paquet-Brennerren azken filma, baina, ikusitakoak ikusita, gainerakoekin lehiatuz gero, erraz aski eraman ahal zituen sari batzuk. Horietako bat, bederen, Kristin Scott Thomasek egiten duen lan bikainari. Baina hura ez zegoen sarien dantzan. Film sendo eta ongi eraikitako baten oroitzapen gozoak itxi du aurtengoa.

Hasiera batean, hainbat errezelo sortzen ahal ditu Elle s'appelait Sarah-k. Iraganeko eta orainaldiko gertaera paraleloaren kontakizunaren bitartez eginen du aurrera filmaren lehen parteak. Gai oso sentibera izanik, kontzentrazio esparruen gaia haurrekin lotuta eremu delikatuan sartuko da istorioa. Bien bitartean, lehen minutu horietan orainaldikoak ere topiko samarrak izaten ahal diren bide ezagunetatik egitearen mehatxua eginen du.

Zorionez, zuzendariaren esku trebeak horiek gehienak saihestu eta beharrezko oreka emanen dio narrazioari. Ukitu emozionalak guztiz baztertu gabe, errazkerietan eta bidezidorretan ez erortzea lortuko du zinemagile frantziarrak.

Hortik aurrera, erritmo eta tonu ona hartuko du Elle s'appelait Sarah-k. Historia berrosatzeko munduan barna egindako bidaiak thriller baten traza hartuko du. Azkenean, kazetari senak familia baten lasaitasuna zenbateraino hondatzen ahal duen galdetu beharko dio bere buruari protagonistak. Era berean, hainbat familiaren lasaitasuna kontu ilunak ezkutatzearen kontura zenbateraino ez ote den egin galdera ere sortuko da.

Horrekin guztiarekin, Gilles Paquet-Brennerrek ederki egokitu du pantailara istorioaren oinarria den liburua; zinema komertzialaren ohiko hainbat baliabideri uko egin gabe, filmari berezko nortasuna emango dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.