Iruñerako bidea ondo ezagutzen du Chus Dominguez ikus-entzunezko sortzaileak (Leon, Espainia, 1967). Jaialdi kutuna du Ikuspuntukoa eta ia urtero egiten du bertarainoko erromesaldia. Aurten ia beharturik dago Iruñean, jaialdiko azken egunean, gaur estreinatuko baita Notas de lo efímero (Oharrak iragankorraz), iazko ekitaldian X Films egitasmoaren irabazle izan zen lana. Fikzio ez diren lan esperimentalei aterpe eman nahi izaten die egitasmo horrek. Iazko aldian bi baldintza zituzten sortzaileek: lanak Nafarroan filmatua izan behar zuen, eta egunerokoaren formatua izan behar zuen.
Proiektuaren testuingurua eta baldintzak zein ziren ikusita, ez zuen burua gehiegi nekatu beharrik izan Dominguezek berak egingo zuena erabakitzeko. Hiru urte lehenago, 2007an, Iruñeko ostatu «zahar, xume eta merke» batean igaro zituen jaialdiko egunak. Ostatu hartan zerbait filmatu behar zuela bururatu zitzaion hasiera-hasieratik: «Jendea etengabe igarotzen da ostatu hauetatik, eta oso zaila izaten da jendea ezagutzea. Gai horrek erakartzen ninduen lehendik, bizitzaren iheskortasunak, denboraren iragateak, harremanen behin-behinekotasunak... eta uste nuen ostatu horrek ematen zidala aukera hori guztia azaltzeko».
Ordu erdi pasatxo dauka Notas de lo efímero-k. Dominguezek kamera ostatuko hainbat leku jakinetan jartzen du, eta parean zerbait gerta dadin itxaroten du, egoera bortxatu nahiko ez balu bezala, errealitateak kamera harrapa dezan nahi balu bezala: «Horrela egin izan dut lan gehienetan. Ez dakit nola iritsi naizen estilo horretara, baina zinema ulertzeko nire modua dela uste dut, fikzioarekin baino gehiago dokumentalarekin edo ez fikzioarekin loturiko zinema, nahiz eta badauden kamera asko mugitzen duten dokumentalistak ere. Errealitatea kameraren aurrean isur dadin gustatzen zait, gehiegi bilatu gabe, edo probokatu gabe».
«Begirada kokatzea» da gakoa,Dominguezen hitzetan. «Askotan egunerokotasunean, gauza txikietan, aurki daitezke kontu interesgarrienak». Hiru astez bizi izan zen ostatuan iazko udaberrian, martxoan eta apirilean, eta orduan jasotako irudiekin osatu zuen lana. Ostatuan egondako bisitarien parean jartzen zuen kamera, edota korridoreetan, edota leihotik kalera begira... egunerokotasunaren istant horien lekuko isil modura.
Dominguezen irudiek asko dute poetikotasunetik, iradokitzaileak dira, indar estetiko handikoak, baina ez du bere burua poeta bisualtzat hartzen, poesia zentzu guztietan interesatzen baitzaio: «Izaera poetikoa izan dezakeen edozer gauzak erakartzen nau, poesia ez dago bakarrik irudietan, poesia edozer gauzatan egon liteke, ondo begiratzen badakigu».
Indar estetikoa duten irudiak bai, baina ez luke nahi «begirada estetizista nagusitzerik». Eta non dago begirada estetikoaren eta estetizistaren arteko aldea Dominguezentzat? «Begirada estetizista da edertasun estetiko hutsean geratzen den hura, karga edertasunean jartzen duen hura. Begirada estetikoa harago doana da, ez du zertan edertasuna bilatu ere».
Ikus-entzunezkoen munduan lan egiteko bokazioa izan arren, urte luzez irakaskuntzan aritu zen Dominguez. Duela hamar urte erabaki zuen buru-belarri zinemaren munduan murgiltzea.
El asno zamorano leonés (2000) eta Concierto de ovejas (2001) izan ziren bere lehen lanak. Ordudanik dozenatik gora egin ditu, guztiak iraupen labur edo ertainekoak, eta sari asko eskuratu ditu.
Iragankortasunaren ostatua
Chus Dominguezen 'Notas de lo efímero' lanak itxiko du gaur Ikuspuntua jaialdia Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu