Literatura

Iraileko azken asteburuan egingo dute Literaturia Zarautzen

Iaz bezala, aurten ere udazkenera pasatu dute jaialdia, eta 'Itzala, hitzaren ahala’ izango du leloa. Babesle izango da BERRIA

Literaturiak iaz jarritako liburu azokako irudi bat. JUAN CARLOS RUIZ/ FOKU
Inigo Astiz
2021eko irailaren 10a
12:40
Entzun

Erortzeko zorian izan zen Literaturia jaialdia iaz, baina, azkenerako, asmatu zuten gorantz erortzen. Koronabirusaren ondorioz, salbuespena egin, eta udazkenera pasatu zuten berez udaberrian egiteko prestatu zuten programa osoa, eta osasun neurri estuak betez egin behar izan zituzten ekitaldi guztiak ere. Zailtasun horiekin guztiekin ere, eta, «pandemiak pandemia», jaialdia «arrakasta hutsa» izan zen, antolatzaileen iritziz, eta, horregatik, aurten «indarberrituta» aritu direla azaldu dute. Irailaren 24tik 26ra «euskal letren plaza» bihurtu nahi dute herria, eta errezital, solasaldi eta aurkezpenez betetako programa prestatu dute horretarako. Itzala, hitzaren ahala izango du leloa, eta ideia horri tiraka sortu du Hiru Damatxo kolektiboak jaialdiaren berri zabaltzeko spota ere.

[vimeo]https://vimeo.com/600176000[/vimeo]

Manifestu batekin hasi izan dute jaialdia azken urteetan, eta aurten ere Lutxo Egiak jaialdirako espresuki prestatutako testuak emango dio hasiera programari. Irailaren 24an irakurriko du egileak testua. Modelo aretoan, eta Asisko Urmeneta marrazkilariaren Sugarren mende komikian oinarritutako antzezlana estreinatuko dute ondoren. Sorgin ehizaren aitzakian inkisizioak Euskal Herrian egindako sarraskiak eta haien testuinguru historikoa kontatzen ditu liburuak, eta, beren-beregi, Literaturiarako prestatu dute haren eszenarako moldaketa. Zazpi euro balioko ditu ikuskizunetarako sarrerak, eta, harekin batera, liburuak erosteko bi euroko bonua jasoko du ikusleak.

Izango da beste erabateko estreinaldi bat ere. Gotzon Barandiaran idazleak eta Joseba Tapia musikariak ere propio Literaturiarako prestatu dute Apoaren itzala izeneko saioa. Musika eta solasa izango ditu oinarri emanaldiak, eta larunbatean estreinatuko dute, 22:00etan, Modelo aretoan. Zazpi euroren truke hau ere, eta liburutarako bi euroko bonuarekin.

Komikia bertsotan

Komikia eta bertsolaritza uztartuko ditu Dom Campistron komikigileak Bekatarosak liburua aurkezteko. Aldudeko eta Nafarroa Behereko beste zenbait herrixketako lesbiana, queer eta gayen zazpi testigantzatan oinarritu du lana egileak, eta hura oinarri hartuko duen ikuskizuna eskainiko dute Zarautzen, Maindi Murua Berra eta Andoni Egaña bertsolarien laguntzarekin arituko baita Campinstron taula gainean. Larunbatean izango da hori ere, 19:00etan. Eta, azkenik, igandean, 17:00etan itxiko dute programa Iñigo Astiz idazleak eta Jon Basaguren musikariak, elkarrekin sortutako Oraindik, orain eta oraingoz emanaldiarekin.

Bi mahai inguru ere antolatu dituzte. Batetik, Euskal Herriko zientzia fikzioari buruz arituko dira Arrate Hidalgo, Amaia Apalauza Ollo, Danele Sarriugarte Mochales eta Katti Olaizola; eta, bestetik, saiakera itzultzea izango dute mintzagai Olatz Esteban Ezkatik, Amaia Astobiza Uriartek, Maialen Berasategi Catalanek eta Sarriugartek. 12:30ean izango da lehena, eta 17:00etan bigarrena, biak larunbatean eta biak Modelo aretoan.

Liburu azoka

Hainbat postu izango dituen liburu azoka ere antolatu dute astebururako. Lege Zaharraren enparantzan jarriko dituzte argitaletxe eta liburu dendek beren erakusmahaiak. Postuz postu ibili ahalko dira bisitariak bertan. Larunbatean 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era egongo da gunea zabalik, eta igandean 11:00etatik 14:00etara. Saltoki izateaz gainera, hedapen gune ere izango da plaza, liburu aurkezpenak ere egingo dituztelako. Ahotsenea sortzaile gunearekin elkarlanean antolatu dute ekitaldi sorta hori antolatzaileek.

(H)ilbeltza jaialdia omenduko dute antolatzaileek azokaren irekiera ekitaldian. Baztanen (Nafarroa) euskal nobela beltzari eskainitako jaialdiak egiten duena nabarmendu dute Literaturiako kideek, eta «txikitasunetik» euskal literaturari egiten dion ekarpena «erraldoia» dela adierazi. Aitortzaz gainera, elkarlana ere lortu izan dute, halere, eta bi jaialdiek batera antolatu dute, horregatik, igandeko 11:00etan Santa Barbaran barrena «Itzalekoak» izeneko ibilaldi dramatizatua.

Galtzagorri elkarteak jasoko du aurten jaialdiaren oroigarria, eta haiekin elkarlanean osatu dute haurrentzako Literattipia atala. Juan Kruz Igerabide idazleak, esaterako, Laminen putzuan igeri ipuina kontatuko du larunbata goizean, 4 eta 7 urte arteko haurrentzat, Modelo aretoan. Igandean, berriz, Mireia Delgado arituko da 11:00etan ipuin kontari.

Hedabide babeslea

BERRIArekin hitzarmena ere sinatu du jaialdiak. Bi egitasmoek elkarren balioak partekatzen dituztela azaldu dute Literaturiako antolatzaileek, eta, «euskarari eta euskal kultura sustatuz elkarri balio erantsia emateko asmoz» sinatu dute lankidetza. BERRIA izango da, ondorioz, jaialdiaren hedabide babeslea.

Ekitaldietarako sarrerak jaialdiaren webgunean jarriko dituzte eskuragarri: www.literaturia.eus.

Larrabetzun (Bizkaia) jaio zen Literaturia, 2009an, eta, bertan bost urte egin ostean, Zarautzen topatu zuen segida egitasmoak. Hasierako oinarri eta asmo berei heldu zien proiektuak han ere: euskal letren munduari plaza bat zabaltzea udaberri garaian, eta harekin ikusgarritasuna, topaleku bat eta bizitasuna eskaintzea. Koronabirusak behartu zituen iaz zita udazkenera eramatera, eta hau izango da urtearen sasoi horretan egingo duten bigarren jaialdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.