Irakaskuntza aztertuko du aurten Inpernuko Pozak

Lau irakaslek hitz egingo dute gaurko mahai inguruan, eta bihar Joseba Tapiak saio praktikoa gidatuko du

Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Trikitiaren irakaskuntza izango dute aztergai Inpernuko Poza trikitiari buruzko jardunaldietan, bihar eta etzi. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatu ditu jardunaldiak, eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan egingo dira saioak. Lehen saioan, gaur, lau irakaslerekin mahai ingurua egingo da, Oihane Egurtza kazetariak koordinatuta: Agurtzane Elustondo, Iker Goenaga, Julie Mary eta Juan Tapia. Bihar, berriz, Belarriak soinu. Ganbaratik akademiara, proposamen praktikoa saioa gidatuko du Joseba Tapiak. Hala gaurko saioa nola biharkoa, 19:00etan hasiko dira biak.

Alderdi asko aztertuko dira jardunaldian, antolatzaileek jakinarazi dutenez: «zenbakien sistema, notena, aurrez aurrekoa, belarriz edo entzunez esaten dena…». Askotariko esperientziak trukatzeko aukera izango da gaurko mahai inguruan. «Trikitia erakusteko, musika eskola zein trikiti eskoletan hainbat sistema topatuko ditugu. Irakasle bakoitzak bere sistema propioa osatzen du denborarekin, betiere ikasleen ahalmen edo gaitasuna kontuan izanda. Mahai inguru honetan parte hartuko duten irakasleen esperientziak oinarri hartuz, metodo hauek guztiak aztertzen saiatuko gara».

'Gure kolkotik 2012', prest

Horretaz gain, Gure kolkotik 2012 pieza berrien diskoa —Gure kolkotik saileko hirugarrena—aurkezteko egingo diren bi kontzertuen berri ere eman du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Bihar izango da aurrenekoa, Donostiako Trinitate plazan, 22:30ean hasita; eta irailaren 16an bigarrena, igandearekin, Zarauzko malekoian, Sortaldea Kultura Eremuaren atarian (Dora Salazarren eskulturatik mendebaldera), 18:00etan hasita.

Ruben Isasi, Oskar Estanga, Arkaitz Allur, Monik Valor eta Xabi Arakamak hartu dute parte Gure kolkotik 2012 diskoaren grabazioan, trikitia eta perkusioa uztartuz. Diskoko piezak aurkezteaz gain, saio librean ere ariko dira bost musikariok, beren laguntzaileekin batera, Donostia eta Zarauzko kontzertuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.