Iban Zalduak ez zuen atzo, arazo pertsonalengatik, Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzara joaterik izan, Euskadi Literatura sarien berri emateko egin zen prentsaurrekoan parte hartzeko. Julen Ribasek Iban Zalduaren gidoiari jarraituz marraztutako Azken garaipena komiki sarituak 2052. urtera eramaten du irakurlea, baina, ukronia bat planteatuz: zer gertatuko zatekeen urte horretan, mende bat pasa lehenago Adolf Hitlerrek gerra irabazi izan balu? «Ukronia tresna ona izan daiteke gure orainaren hauskortasunaz jabetzeko», adierazi zuen Zalduak BERRIAk aurtengo otsailean argitaratutako elkarrizketan. «Gauzak ez daude halabeharrez idatzita, aldaketa txiki batek guztiz desbidera dezake munduaren martxa».
«Fikzio guztiek, literarioek batez ere, mundu alternatiboak eraikitzen dituzte», Zalduaren iritziz. «'Zer gertatuko litzateke, baldin eta…?' galderari erantzuten diote, gehienetan, baita adulterio baten inguruan edo lantegi bateko grebaz fikzio bat egiten duzunean ere, modu errealistenean edo garaikideenean alegia. Ukronia bat mikrounibertso alternatibo hori maila 'makro' batera eramatea besterik ez da, testuinguru guztia ordezkatuz, aldaketa historiko hipotetiko batetik abiatuta. Historialaria naiz, eta irakasten dudanean ezin dut halako transgresiorik proposatu: plazer berezia ematen dit halako jolasetan aritu ahal izateak».
Euskadi Literatura sariak
«Irakasle gisa, ezin dut halako transgresiorik proposatu»
Iban Zalduak «gure orainaren hauskortasunaz jabetzeko» tresna egokitzat du ukronia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu