Zinema

Irango gizartearen erradiografiak

Frantzian filmatu du Asghar Farhadi zinemagile irandarrak 'Le passé' bere azken pelikula

Berenice BejoThe Artist filmaren bidez ezagutu zuen Asghar Farhadik. BERRIA.
Gontzal Agote.
2014ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Orain arteko pelikula guztietan ezagutu diogun Irandik Frantziara egin du oraingoan Asghar Farhadik. Le passé azken filmak herrialde horretako finantzaketa lortu zuen, eta istorio nagusia Parisen gertatzen da, hain zuzen. Zinemagile irandarrak azken urteotan eskuratu dituen prestigio eta ospe handiaren ondorio da hori guztia.

Nolanahi ere, gaiak eta pertsonaiei begiratzeko modua ez da batere aldatu. Bere inguruko gizarteari behatzen segitzen du Farhadik, baina ez zuzenean gai handiei heltzeko, baizik eta giza harremanen inguruan ehuntzen diren miseria eta pozak pantailara ekartzeko. Gauza txikien bitartez, mosaiko handiago bat erakusteko abilezia baitu zinemagileak.

Aurreko filmean, Jodaeiye Nader az Simin arrakastatsuan, bereizketa bat bazen istorioaren korapilo nagusia, Le passé-n dibortzio bat da pertsonaiak mugiaraziko dituen motibazioa. Lau urtez bananduta egon ostean, Ahmadek Teherandik Parisera bidaiatzea erabakiko du. Han Marie emazte frantziarrarekin aurkituko da, eta dibortziorako tramiteak hasiko dituzte.

Parisen dagoela, Ahmadek Marie eta haren alabaren arteko harreman gatazkatsuaz ohartuko da. Bien arteko harremana hobetu dadin saiatuko da, eta, ahalegin horretan ari dela, iraganeko sekretu ezkutu bat azaleratuko da.

Le passé iazko Cannesko Zinemaldiko sail ofizialean lehiatu zen, eta, han, emakumezko aktorerik onenaren saria jaso zuen Berenice Tejok. Hortik aurrera, beste hainbat sari eta izendapen garrantzitsu lortu ditu Asghar Farhadiren pelikulak.

Tejo The Artist pelikularen bitartez ezagutu zuen zuzendari irandarrak, eta hari eskaini zion pelikularen rol nagusietako bat. Beste aktore protagonista Tahar Rahim da, Un prophete filmaren bitartez ezaguna egin zena. Horiekin batera, Farhadiren aurreko pelikulan lan egin zuen Babak Karimik ere hartu du parte pelikula berri honetan.

Sariak eta prestigioa

Le passé Asgahr Farhadiren seigarren filma da, eta Irandik kanpo egiten duen lehena. 2003tik 2006ra bere herrialdeko mugetatik kanpo oihartzun handirik izan ez zuten hiru film egin ostean, zinemagileak laugarren filmarekin lortu zuen nazioarteko errekonozimendua.

2009ko Darbareye Elly izan zen gaur egun duen prestigioa ematen hasi zitzaion lana. Intriga eta drama uztartzen dituen istorio bitxia da pelikula, eta, horren bitartez, Irango belaunaldi berrien izaera eta pentsamoldearen erretratua maisuki egin zuen zuzendariak. Lagun talde batek itsaso ondoan antolatuko du taldeko asteburu-pasa bat, eta oso ongi ezagutzen ez duten Elly gaztea gonbidatuko dute hara. Elly modu misteriotsu batez desagertuko da, eta denak lagunetako bat eginen dute gertaeraren erantzule.

Darbareye Elly-k zuzendaririkonenaren saria jaso zuen urte horretako Berlingo Zinemaldian, eta, horren ostean, oso harrera ona izan zuen estreinatu zen herrialde guztietan. Horrekin batera, Farhadi munduko zuzendarien mapan jarri zuen pelikulak.

Are arrakasta handiagoa izan zuen zuzendariaren hurrengo lanak, Jodaeiye Nader az Simin-ek. 2011n estreinatu zuten, eta urteko filmik garrantzitsuenetakoa bihurtu zen bereizketa baten inguruko istorio itxuraz hutsala. Berriro ere, istorio txiki bat baliatu zuen zuzendariak, kontu handien gaineko hausnarketa egiteko.

Urte hartako Berlingo Zinemaldian hiru sari nagusi irabazizituen filmak: pelikula onenarena, eta gizonezko nahiz emakumeko aktorerik onenen sariak. Berlingoa sari eta errekonozimendu sail baten hasiera besterik ez zen izan. Azkenean, hurrengo urtearen hasieran, Jodaeiye Nader az Simin-ek ingelesez besteko Oscar saria eskuratu zuen.

'LE PASSé'.

Zuzendaria: Asgahr Farhadi.

Aktoreak: Berenice Bejo, Tahar Rahim, Babak Karimi, Ali Mosaffa, Pauline Burlet, Elyes Aguis, Jeanne Jestin, Sabrina Ouazani.

Herrialdea: Frantzia.

Urtea: 2013.

Iraupena: 130 minutu.

Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.