Kultura

Iruña-Veleian Arabako erromatar hiriaren izena duen aldare bat aurkitu dute

Julio Nuñezek zuzentzen duen arkeologo taldeak harresietatik kanpo aurkitu du, eta hirian bertan agertu den eta Veleia izena duen lehen aztarna da.

Jon Rejado.
2013ko otsailaren 22a
17:11
Entzun

Iruña-Veleiako aztarnategian (Araba) lanean ari den taldeak aurkikuntza garrantzitsu bat egin du harresietatik kanpo. Julio Nuñez buru duen taldeak aldare bat aurkitu du, non Arabako erromatar hiriaren izena agertzen baiten. Lehen aldia da aztarnategian aurkitutako grafitoetan hiriaren izena agertzen dena, orain arte Arabatik kanpokoak baitziren erreferentzia guztiak. Hiriaren izenaz gain idatzi gehiago dago eta hiriaren ezaugarri batzuen berri ematen duela azaldu dute, baina ez hiriaren antolaketaren berri izateko modukoak.

Aldareaz gain, harresietatik kanpo, hirira zihoan bidearen ondoan kokatuta zegoen merkatu baten indusketa lanetan aurreratu dutela jakinarazi du Julio Nuñezek. Orain arte 745 metro koadroko azaleraren gainean lan egin dutela azaldu du, baina oraindik ere azalera gehiago dagoela gaineratu. Eraikinaren neurria "ezohikoa" dela nabarmendu du, neurri horretako merkatuak hiri handiagoetan baino ez baitira aurkitzen.

Bestetik, 2012ko jardunaren berri emateko prentsaurrekoan harresietan egindako lana azaldu dute, baita harresi barruan sastrakak kendu eta ingurua egokitzeko lanak ere. 2012an 2.000 bisitari inguruk ikusi zituzten lanak lekuan bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.