1980ko hamarkadako zinemagintza harrotu zuten zuzendarietako bat izan zen Tony Scott. Beste film askoren artean, Top Gun eta The Hunger-en zuzendaria. Asko ekoitzi zuen, genero bakarrean geratu gabe; abentura filmak edo suspensekoak egiten zituen, baita dramak ere. Atzo, Los Angelesen (AEB), zubi batetik salto egin zuen, eta hilda aurkitu dute, 68 urterekin. Hil aurretik autoan utzitako suizidio oharrak argi utzi du bere buruaz beste egin duela, buruan sendabiderik gabeko tumore bat zeukalako.
Makina bat filmetako zuzendari izan da Scott. Anaia zaharrarekin hasi zen zinemagintzan, Ridley Scottekin, eta zenbait iragarki zuzendu ostean, 1980ko hamarkadan deitu zioten Hollywoodetik. Etengabe konparatu dituzte adituek bien lanak, sorkuntza lehia gisa agertuz. Ridley Scott hirutan izan da zuzendari onenaren Oscar saria lortzeko hautagaia, eta, horregatik, anaia gazteenaren lana maila apalagokoa dela esan izan dute.
Nolanahi ere, aditu askok maisutzat jo du Tony Scott. Irauli egin zituen abentura filmak, abenturaz gain umorea eta eszenografia zaindua ere izan zezaten. Ekoizpen garbikoa zen, narrazioaren ildoa harilkatzen iaioa eta argazkilaritza xehetasunak zaindu zalea.
Edozein estilotara moldatzeko kameleoien erraztasuna zuen zinemagileak. Berez, zinema zuzendaria izan zen, baina beste hainbat arlotan ere aritu zen. Mila iragarkitik gora egin zituen eta bideoklip eta film labur mordoa. Irudia menperatzen zuen, eta, horregatik, nahieran egokitu zezakeen. Adibidez, Marlboro-ren iragarki ezagun bat egin zuen, Numb3rs telesaileko ekoizpen eragilea izan zen eta lau film labur zuzendu zituen. Filmografia oparoa utzi du.
Irudiaren kameleoia
Tony Scott zinema zuzendaria hilda aurkitu dute; Los Angelesko zubi batetik salto egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu