Bakardadea besterik ez dago hemen. Hori ematen dute aditzera disko honetako lehen gitarra arpegioek. Eta nahitaezkoa da muturreko bakardadeaz ari den beste film bat, beste musika bat aipatzea. Ezalderatzeko asmotan, baizik eta etengabeak direlako Wim Wenders zuzendariaren Paris Texas filmerako Ry Cooderrek egindako musikaren balizko erreferentziak Amerikanuak honetan.
Ez bakarrik bakardadea, beste hauek ere badaude: amerikar musikaren erroetatik ateratako slide infinituak (Hard and Weird), gitarraarpegio geldoak (Amerikanuak), fiddlenekatuak (Was it Amor) edota urrutiko ametsak esnatzen dituzten ukitu latinoak (Elko by Night). Osagai nagusiak dira Audienceren lehen musikan. Nacho Reig eta Koldo Bilbao zuzendariek Nevadako bazter ikaragarri horietan bizi diren euskal jatorriko azken artzainen egunerokotasuna eta izaera islatu dute dokumental lehor baina hunkigarrian. Beraz, ez da harritzekoa, hain gustu «amerikanuak» dituen talde batek bluesa, countrya edota old time-a aukeratzea musika hau osatzeko.
Ez da harritzekoa ere, hain ondo betetzea lana, are gehiago kontuan hartuta musikak film osoan duen garrantzia. Ez baita gertaeren atzean dagoen dekoratua, protagonisten historiak, bizitzak eta esanak josten dituen haria baizik. Horretan ez dute lan makala hartu, eta sinpletasunaren aldeko apustu eginda asmatu dute, historia edo entzulea ito beharrean ongi azpimarratzen dituelako protagonisten begiradak, keinuak eta hitzekin esan ez baina ozen adierazten direnak.
Gurean hain gutxi lantzen den generoa izanda, aipagarria da rocketik datorren talde batek hain ederki asmatzea. Hori bai, ez espero kantu borobilez betetako disko bat, amaitu gabeak diruditen melodiak eta bide erdian beste norabide bat hartzen duten doinuak baizik. Musika gisa pantailan hartzen du zentzua, eta, handik kanpo, zaila egingo zaio lekurik topatzea gure MP3 irakurgailu saturatuetan. Aukera emanez gero, ordea, agian zeuk pentsatu baino irudi gehiago sorraraziko dizkizu. Begiak itxi eta esparru izoztu eta amaigabe bat imajinatzen baduzu, horixe izango da hasiera.
Musika
Irudien musika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu