Artea

Irudikagarritasunaren mugan

Isabel Bakedano artista nafarraren 200 artelanetik gora erakusten dituen atzera begirakoa ireki du Bilboko Arte Ederren Museoak. Iruñean ere erakutsiko dute bilduma gero, Nafarroako Museoan eta Nafarroako Unibertsitatearen Museoan

Bakedanoren 'Autobus geltokia' artelana, 1978. urtekoa. MONIKA DEL VALLE/FOKU
Inigo Astiz
2019ko urriaren 28a
18:17
Entzun

Angel Bados eskultore eta lagunaren hitzetan, autoboikot ariketa betean aritzen zen egunero oihal berri bakoitzaren aurrean Isabel Bakedano margolaria (Mendabia, 1929-Madril, 2018). "Hasieratik harritu ninduen, halako irudikapen naturalista eta veristarako gaitasuna izanik, nola egiten zuen etengabe haren aurka. Eta ez zen soilik autoexijentzia. Etengabe jartzen da irudikagarritasunaren mugan. Beti joaten zen zekienaren mugaraino, zeren eta zekien hori, baita zekien hori asko izanik ere, ez baitzen aski irudikapenaz harago dagoenera iristeko. Adore handiz kokatzen zen puntu horretan. Eta horrek azaltzen du zergatik uzten zituen gauza miragarri batzuk bukatu gabe, zergatik dauden erdibidean geratzen diren aztarna ezin azkarragoak bere koadroetan, edo zergatik ematen zituen kolpean amaitutzat hasiera oso errealista izan zuten lanak, nolabait ere, igartzen zuelako errealismo hori izango zela bere kondena. Horregatik baldartasun itxura, eta bere ibilbideko sasoi guztietan topa daiteke irudikapenaren ezabapen bat. Erabateko talentuz egindako ezabapenak dira. Urteek aurrera egin ahala, mantxaz eta arrastoz betetzen hasten dira haren lanak, hain zuzen ere, hori delako berak behar duena, irudikapenaz harago dagoena, ezezagun dena, izenik ez duena, azken muturra, eta, beraz, sakratu dena margotu ahal izateko”. Artistaren 59 urteko ibilbidea erakusten duen 200 obratik gorako atzera begirakoa antolatu du orain Bilboko Arte Ederren museoak, eta Badosek aipatu duen horregatik guztiagatik titulua: Edertasunaz eta sakratuaz. Urtarrilaren 26ra arte egongo da ikusgai Bilbon, eta Iruñera joango da gero: aldi berean Nafarroako Museora eta Nafarroako Unibertsitatearen Museora.

Erabateko ezezaguna da Bakedano publiko orokorrarentzat, eta baita artearen historiografia nagusientzat ere. Eta, seguruenik, garaian garaiko modetara ez egokitu izanagatik gertatu zaio hori, Miriam Alzuri Bilboko Arte Ederren museoko teknikari eta erakusketako komisarioaren hitzetan. Baina ez-ezagutza horrek badu kontrapuntua. Bakedanok hasiera-hasieratik izan baitu izen ona eta aitortza beste sortzaileen artean. Lehen lerroko artistatzat jo zuten lehen lerroko kritikariek 60ko hamarkadan bertan. Eta bildumagileen artean ere, izen eta merkatu oneko autorea izan da. “Aitortza instituzionala heldu zaio berandu”, onartu du Alzurik.

Erakusketa gutxi egin zaizkio azken hamarkadetan, ez zaio ikerketa lan sakonik eskaini, eta haren lan gutxi batzuk bakarrik ikusi ahal izan dira bilduma kolektiboetan. Orain arte.

Hiru denbora

“Arte historialari batentzat zaila da Isabel Bakedanoren lana”. Etengabeko aldaketan deskribatu du margolaria Adelina Moya Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ohi eta arte historialariak, eta, horregatik aipatu ditu hiru denbora haren ibilbidean, eta ez hiru etapa. Dena pixka bat nahasian doalako, eta muga oso zehatzik gabe. Tartean eten sakon bat ere badago, gainera. Eferbeszentzia betean irudikatu du artista 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara arte, adibidez. Sasoiko joera artistikoei adi. Errealismoaren eta abstrakzioaren eraginpean. Bakarkako erakusketak egiten. Kritika onak jasotzen. Iruñeko arte eskoletan irakasle. Pop artetik edaten. Iruñeko kultur giroan kolaboratzen.

Eta orduan dator etena.

80ko hamarkadan hasten da Moyak bigarren denbora deitu duena, eta zulo moduko batean deskribatu du artista. “Impasse batean”, zehazki. Maiteminagatik akaso. “Ez dakit zergatik”, onartu du historialariak. Baina kontua da sasoi horretan ez zuela erakusketarik egin, eta albo batera utzi zuela arte mundua. Jarraitu zuen margotzen egunero, eta, gainera, badira sasoi horretako margolan bereziki onak ere, baina ez zuen inon erakusten egiten zuena. Erretiroa hartuta, eskolak emateari utzi zion Iruñean, eta Madrilera joan zen bizitzera, nahiz eta Iruñera joan-etorriak egiten jarraitu. Saiatu zen 1989an rentreé moduko bat egiten Madrileko ARCO azokan, baina ez zitzaion oso ongi atera jokaldia. Jarraitu zuen saiakerarekin, ordea, eta 1994ko ARCOn lortu zuen bere lekua. “Une hartan hasi zen benetan interesatzen zitzaiona egiten”, azaldu du historialariak. Eta hor hasi zen Bakedanoren hirugarren denbora tartea. 1994tik 2018ra.

Gai erlijiosoak

Erlijio artea da interesatzen zaion hori. “Oso erlijiozalea zen”, azaldu du Moyak. “Eta min egiten zion zer-nolako itsustasunak egiten ziren erlijio artean”. Hortik ateratzeko aukera eskainiko zuen artea egin nahi zuen berak. Eta hil arteraino jarraitu zuen Bibliaren Testamentu Zaharreko eta Testamentu Berriko pasarteak irudikatzen. Quatrrocentoko margolarien eragina igartzen du historialariak haren margolanetan, eta Piero della Francescaren eragina nabarmendu du, adibidez. Ez hori bakarrik, ordea. Haren margolan erlijiosoetan ere igartzen baitira ordura arte landutako arte joera guztien itzala ere, eta igar baitaitezke Edward Hopperren, edota pop artaren kolore erabileraren arrastoak.

“Hain justu ere, egingo ez genuela promes egin nion horixe bera egin dugu: atzera begirako erakusketa bat”. Zail gogoratzen ditu erakusketa egiteko artistarekin izandako negoziazioak Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak. Kostata lortu zuen baiezkoa, eta, betiere, atzera begirako bat ez egiteko tratuarekin. Bakedanoren gertukoek diotenez, barru-barruan desiotan zegoen bere lanak Bilbon erakusteko, baina, era berean, iheska egiten zion gogo horri. Merezimendu gehiagoko jendea bazegoela esaten zuen, eta bere hainbat artista lagunen katalogoekin agertu zitzaion artista bilkurara Zugazari, baina azkenerako onartu zuen proposamena. Erakusketa txiki bat. 2018an, ordea, egun batetik bestera, hil egin zen margolaria, azken-azken egunera arte margotzen segitu ondoren, eta horrek aldatu zuen dena. Bados aritu zen familiarekin batera haren Iruñeko eta Madrilgo estudioetako materiala ateratzen eta antolatzen, eta hala joan da Zugazaren promesa ere pixkanaka apurtzen.

Ikerketa monografikoa

“Ikaragarria zen handik ateratzen zen artelan kopurua, eta segitzen zuen ateratzen, eta ateratzen, eta ateratzen”. Gain eginda deskribatu ditu Bakedanoren estudioak Badosek. Zehaztu duenez, egoera txarrean zeuden haietako asko, eta Bilboko Arte Ederren Museoko zaharberritze alorrak egindako lana nabarmendu du horregatik. Ia-ia hasieratik utzi zion artistak margolanak datatzeari, eta sinadurarik ere ez zien jartzen gehienei. Horrek zaildu egin ditu sailkapena eta komisario lana. Estudiotik lanak eta lanak ateratzen aritu arren, Bados ziur da, gainera, hurrengo urteetan are margolan gehiago agertuko direla.

Ia 300 orriko katalogo bat ere argitaratu dute erakusketarekin batera. Gaztelera hutsean daude liburuko testu guztiak, baina kronologia eta liburuko testu nagusia euskarara itzuli eta sareratzeko asmoa du museoak. Ikerketa lan horren garrantzia azpimarratu dute museoko arduradunek, orain arte ez baita Bakedanori buruzko ikerlan monografikorik kaleratu, eta, beraz, horren ordezko moduko bat da katalogoa. Lau testu dakartza, guztira, lanak: Moyarena, Badosena, Alzurirena eta Ignacio Gomez Liaño idazlearena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.