Irudimenaren bultzadaz hegaz

Yo-Yo Gonthier artista nigertarraren 'Ikusezina' erakusketa jarri dute ikusgai Rekalde aretoan

Erakusketak zuri-beltzeko zenbait argazki, bideo bi, hainbat dokumentu eta globo gidatu bat biltzen ditu. LUIS JAUREGIALTZO/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Besoa luzatu, atzera bota eta abiada hartuz eskapatzen utzi du paperezko hegazkina. Beste paper zati bat hartu eta izkinak tolestuz bigarrena egin du; atzera bota du besoa berriro, eta hegaz jarri du jolastokian. Ipuin baten hasiera izan zitekeen, baina ametsak eta irudimena txertatzeko modu ederra ere bada. Yo-yo Gonthier artistak (Niamey, Niger, 1974), Frantziako institutu batean egin bezala, eta paperezko 500 hegazkin inguruk hegan egin zuten institutuko jolastokian. Horrekin batera, Gonthierrek paperezko hegazkinez eta hegan egin dezaketen makina eta globoen irudiez bete zuen Rosny-sous-Boiseko Saint-Exupery institutua (Frantzia), bi urtez. Bertoko zenbait gazteren laguntza izan zuen. Abentura bila, aspaldiko esploratzaileak gogoan, baloi gidatu batekin egin zuten amets eta urte bi horietan amets hori betetzeari ekin zioten 2009 eta 2010 artean. Baloi gidatu bi eraiki eta hegan jarri zituzten. Horren arrastoak dira Bilboko Rekalde Aretoan eta Institutu Frantsesean, Ikusezina erakusketaren barne, egunotan ikus daitezkeen argazkiak eta film dokumentalak.

Zuri-beltzeko 14 argazkik, gazteek baloiak sortzeko prozesuan egindako marrazkiek eta bildutako dokumentuek, film dokumental bik eta baloi gidatuetako bat jarri dituzte ikusgai. Argazkiak, marrazkiak, dokumentuaketa L'nvol (Aireratzea) filma daude ikusgai Rekaldeko Kabinete Abstraktua erakusgelan. Ikusezina filma, berriz, Institutu Frantsesaren atartean proiektatuko dute.

Gonthierrek esplorazioaren gaia aztertzeko xedez abiatu zuen lana 2009an: «Abiapuntua esplorazioa ikuspuntu zientifikotik hartzea zen, baina arriskatzearen ideia lantzea ere nahi nuen», azaldu du. Sormen prozesuak «ezinbesteko garrantzia» izan du; izan ere, baloi gidatua eraikiz, antzinako esploratzaileen azalean jarri nahi zituen gazteak, lasterka-teknologikoa abiatu aurrekogaraietara jo nahi zuen. Gazteen artean, erantzunak askotarikoak izan zirela azaldu du artistak, baina hala ere, prozesuak ideia batzuk ekarri zien guztiei: «Proiektuak transmititu zien, garrantzitsuena irudimena dela, eta horrekin batera, beharrezkoa dela denboran eta espazioan proiekzioa egitea», azaldu du Gonthierrek, «Izan ere, gizakiek aurretik egindakoa urrutik begiratzea da ideia eta proiektu berriak sortzeko baldintza».

Gonthierrek gazteekin izandako bizipenak hartu zituen bere lan pertsonala sortzeko abiapuntu eta ardatz. Dirigibleak sortzeko prozesuan haien argazkiak hartu zituen eta horiek baliatu ditu Ikusezina film dokumental esperimentala sortzeko. Filmak, prozesu horrek gazteengan izandako eraginak ekartzen ditu pantailara, beraiengan emandako eraldaketa pertsonala: «Eskolan arazoak zituzten umeak ziren guztiak, eta beraiengan gertatutako eraldaketa pertsonala ikus daiteke filmeko 20 minutuetan», azaldu du artistak. Corsin Vogelek ondu du filmeko musika.

Lanaren sormen prozesuan hartutako denbora luzea oso garrantzitsutzat du: «Denbora oso faktore garrantzitsua izan da proiektuan. Behar-beharrezkoa da behatzeko. Eta hori da, hain zuzen ere, artistaren papera, denbora nahikoa hartzea ingurua behatzeko, inguratzen gaituen mundua ulertu ahal izateko.»

'Aire', Iruñetik Bilborako bidaia

Erakusketa Iruñean izan zen ikusgai maiatzaren 25etik uztailaren 1era bitartean, aurtengo Mapamundistas arte eta bidaia topaketetan, eta Bilbora ekarri dute, Mapamundistas, Bilboko Institutu Frantsesa eta Rekalde Aretoaren elkarlanari esker. Alexandra Baures erakusketako komisarioak argitu duen bezala, «Aurtengo Mapamundistaseko erakusketaren izenburua Aire izan da. Aire zentzu bitan, gizakiak beti konkistatu nahi izan duen lekua bezala, eta baita airearen kontzeptu bera, arnasten duen elementua». Gonthier ez ezik, beste bost artistek hartu zuten parte erakusketan.

Erakusketa gelen izaera dela eta, Bilboko eta Iruñeko erakusketen arteko ezberdintasunak daudela argitu du Bauresek, izan ere, Gonthierren «proiektuko parte zentrala», baloi gidatuetako bat muntatu gabe erakutsi behar izan dute Bilbon, hori muntatzeko lekurik ez baitago.

Mendebaldeko gizartearen oroimen kolektiboaren inguruko azterketan murgildurik dabil Gonthier. Iragana eta iraganak orainaldiarekin duen harremanak dira bere kezkarik nagusietakoak. Aurretik ere iraganerako bidaia egin izan du bere lanetan eta, besteak beste, Frantziako inperio kolonialaren ezkutuko historia aztertu izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.