Lisboatik Zuberoara, mundu batetik besterako bidaia egiten du Mariok, Patxi Zubizarretaren azken eleberriko protagonistak. Bidaia hori hitzez azaldu du, baina doinuz eta irudiz jantzi nahi izan du Joan. Hartzak, erlojuak eta beste piztia batzuk eleberrian. Liburuko atal bakoitzeko fado bat ondu du Joserra Senperenak pianoarekin. Tren geltokiak, orratzak kontrako bidean mugitzen dituzten erlojuak eta Zuberoako mendiak jaso ditu argazki eta bideo kamerarekin Thomas Canetek. Horiekin guztiekin eta ipuin batekin osatu du liburua Zubizarretak, eta DVD batekin kaleratu du Txalaparta argitaletxeak.
Orduak atzekoz aurrera zenbatzen dituen erloju bat bada Lisboako taberna batean, Zubizarretak azaldu duenez. «Batzuetan iruditzen zait literaturak ere halako erritmo arraroa hartu duela, eta atzeraka goazela zenbaitetan». Agustin Fernandez Mallo idazle galiziarrak literatura «azken plazer burgesa» izan daitekeela esan izan duela gogora ekarri du Zubizarretak. «Beharbada gure erlojua ez dago oso eguneratuta. Batzuetan norbera ere sentitzen da horrela, gure erritmoa, sentimenduak, atzeraka doazela». Mariori, liburuko protagonistari, horixe gertatzen zaiola azaldu zuen.
Lisboan bizi da Mario, eta, udako egun batez, emakume baten deia jasoko du gauerdian. Santa Grazin (Zuberoa) Joao anaia larri duela jakinaraziko dio emakumeak, eta harengana joan edo ez erabaki beharko du Mariok. «Hortik ere badator izenburua, Joan, bere erabakia kolokan dagoelako, joan edo ez joan». Hala, gai nagusia bi anaiaren arteko harremana izan daitekeela azaldu du, baina baita «erabakimena ere, hainbeste pentsatu eta gero zein hutsalak izan daitezkeen gure erabakiak».
Eleberria «denbora errealean» idatzia dela azaldu du Zubizarretak. Duela urtebete inguru hasi zen idazten, eta Zuberoako Xahakoa pastoralaren lehen emanaldiarekin batera bukatu zuen. Lisboatik Zuberoarainoko bidaia bildu du Zubizarretak eleberrian.
Ipuina, irakurri edo entzuteko
Pianoaz sortutako bost fado osatu ditu Senperenak lanerako, eta kantuei irudiak jartzeko, Mario protagonistak egiten duen bidaia bera trenez egin du Canetek, Portugaletik Euskal Herrira, Granadatik (Espainia) ere pasatuta.
Atal batetik bestera erabat aldatzen dira paisaiak, Lisboako kaleetatik Zuberoako mendietara jauzi eginez. Maila berean aldatzen da eleberriaren tonua, idazlearen hitzetan, Mario eta Joao ezberdinak diren bi mundutan bizi direlako. Artista desilusionatu bat da Joao, eta Santa Grazin aurkitu du bere lekua. Bertan topatutako XIX. mendeko ipuin batekin liluratuta dago, eta ipuin hori, Sendagile gaixoa, liburura ekarri du Zubizarretak. Narrazio nagusiaz bestelako istorioak agertzen dira bertan, Pirinioetako kultura eta tradizioei lotuak -horregatik azpi izenburua, Hartzak, erlojuak eta beste piztia batzuk-. DVDan ere audio ipuin gisa jaso du lana. Martin Tejeria esatariaren eta Maddi Oihenart kantariaren ahotsek kontatuta entzun daiteke ipuina, ordu eta laurdenez.
Egileek irakurlearen esku utzi dute lana nola gozatu erabakitzeko ardura; irakurri bitartean fadoak entzunez, atal bakoitza irakurri aurretik edo ondoren bideoa ikusiz... Horren harira, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela dioen esaerari buelta eman nahi izan dio Zubizarretak: «Aldarrikatu nahi nuke mila hitzek indar handiagoa izan dezaketela irudi, bideo, kantu edo ahots batekin».
DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Irudiz eta doinuz lagundutako bidaia
Patxi Zubizarretaren 'Joan' eleberriak Joserra Senperenaren fadoak eta Thomas Caneten argazkiak ditu osagarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu