'Iruña-Veleia auzia'

Iruña-Veleia Argituk Guggenheim museoan salatu du auzibidea

Performance bat egin dute taldeko hainbat kidek museo barruan, Richard Serraren eskulturaren inguruan; grafitoen irudiak erakutsita, "bidegabekeria judiziala" arbuiatu, eta grafitoen datazioak eskatu dituzte. Astelehenean hamar urte beteko dira Lurmen enpresa Arabako aztarnategitik kanporatu zutenetik. 

Richard Serraren eskulturaren inguruan egin dute protesta. IRUñA-VELEIA ARGITU
Ainhoa Sarasola.
2018ko azaroaren 17a
18:44
Entzun

Iruña-Veleia Argitu plataformako hainbat kidek performance bat egin dute Bilboko Guggenheim museoan, ohar baten bidez jakinarazi dutenez. Arabako aztarnategian egin zen "indusketaren balioa aldarrikatzeko", Richard Serraren eskulturaren inguruan jarri, eta bost grafitoren irudiak erakutsi dituzte. "Bidegabekeria handi bat salatu nahi izan dugu", adierazi dute.

Hamar urte beteko dira astelehenean Iruña-Veleiako aztarnategian lanean ari zen Lurmen enpresa bertatik kanporatu zutenetik. Hainbat piezatako idatziak faltsutzea egotzita, auzibidea ireki zuten Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari izandakoaren, Oskar Escribano arkeologoaren eta Ruben Manuel Cerdan fisikari nuklearraren aurka. Haien aurkako espetxe zigor eta kalte-ordain eskaerak eginak dituzte fiskaltzak eta Arabako Foru Aldundiak —zazpi urte eta erdira arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte—, eta epaiketa noiz hasiko zain dira hiru auzipetuak.

"Bidegabea" da auzibidea, Iruña-Veleia Argituz taldearentzat. "Onartezina da bi arkeologo inputatuta egotea froga zientifikorik gabe", salatu dute —Gil eta Escribanoren jarduna babesten du taldeak; ez, ordea, Cerdanena—. "Datazioak eskatzen ditugu. Gaia zientifikoki bideratu behar dugu, eta, horretarako, ostrakak hiru laborategi independentetan datatzea eskatzen dugu", gaineratu dute.

Joan den ekainean, auzia argitu dadila eskatzeko agiri bat aurkeztu zuen plataformak, eta kultura, gizarte, politika eta unibertsitate arloko 140 ordezkari ezagunen babesa jaso zuen testuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.