Isilune bat da, baina ez hutsa, ez esanahirik gabekoa, esker onekoa baizik. Bukatu da musika, baina txaloak oraindik ez dira hasi. Berezia da unea, eta zuzendariak badaki. Eutsi egin nahi dio, horregatik, segundo bat gehiagoz, baita kontzertuko azken nota emana dutenean ere. Hotsik ez dute egiten jadanik tresnek, baina Andres Orozco-Estradaren batutari adi daude denak, halere. Hark noiz azken agindua emango, haren azken keinuaren zain. Jaitsi ditu eskuak, azkenik, bukatutzat eman du kontzertua zuzendariak, eta altxatu dituzte arkuak musikariek. Gozatu dute azken isilune hori zuzendariak, orkestrak, baita aretoak ere. Orduan hasi dira txaloak. Une horrekin deskriba daiteke EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Alemanian izan duen harrera ona. Dusseldorfeko Orkestra Sinfonikoarekin egindako trukearen emaitza da egunotan eskaintzen ari den lau kontzertuko bira. Abonu denboraldia ixten izan ziren alemaniarrak Euskal Herrian, eta berdin egin dute EOSekoek ere.
Gutersloh hiriko Stadthalle aretoan eskaini zuten atzo kontzertua, baina Dusseldorf hiriko Tonhalle aretoa da birako gune nagusia. Han izan ziren herenegun gauean orkestrakoak, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuarekin eta enpresa giroko gonbidatu ugarirekin, eta han izango dira gaur eta bihar ere, Alemaniako kontzertu aretorik ederrenetariko batean. Rhin ibaiaren ertzean dago, eta planetario gisa eraiki zuten 1926an, 70eko hamarkadan auditorium izateko moldatu bazuten ere. Eder eta berezi egiten du horrek, jatorrizko harri eta zurez eraikita baitago eta zirkulu forma baitauka. 2008an egin zuten azken moldaketa, eta kupula urdin bat eraiki zioten, konstelazioak irudikatzen dituzten argiekin. Orkestraren eta publikoaren arteko hurbiltasuna da, halere, aretoaren berezitasun deigarrienetariko bat. Inguratu egiten dituzte entzuleek musikariak.
Gertutasun hori ez da soilik fisikoa izan. Jendeak bazekien nor entzutera zihoan. «Espainia bisitan dugula dio aretoak kaleratutako programak, baina orkestrakoek eskatu didate esateko haiek Euskal Herritik datozela eta oso harro daudela Euskal Herriko orkestra izateaz». Hala egin zuen aurkezpena herenegun Tonhallen, eta orkestrak zer hiritan jo ohi izaten duen azaltzean erakutsi zuen publikoak bere jakintza. «Donostian jotzen dute», hasi zen aurkezlea, «Gasteizen jotzen dute, eta... nola da bestea? Ahaztu egin zait, zein da beste hiria?». Publikoak berehala: «Bilbo». «A, bai, bai, horixe, Bilbon ere jotzen dute, bai», aurkezleak.
Bukaera indartsua
Juan Crisostomo Arriaga konpositore bilbotarraren lan batekin hasi zuten programa, Esklabu zoriontsuak oberturarekin, eta bisean Jesus Guridi gasteiztarraren Amorosa lanarekin itxi. Dimitri Xostakovitx errusiarraren Biolontxelo eta orkestrarako 1. kontzertua eskaini zuten atsedenaldiaren aurretik, Gautier Capuçon biolontxelo jotzaile bakarlariarekin, eta Piotr Ilitx Txaikovskiren Bosgarren sinfoniarekin itxi zuten programa, Tonhalleko arduradunek kaleratutako liburuxketan aurreratzen zena betez, «bukaera indartsua» eskainiz.
Aretoak 1.800 eserlekutik gora ditu, eta ez zegoen guztiz beteta, baina jendeak gogotik egin zuen txalo, eta zutitu ere, zutitu zen bakarren bat saioa bukatzean. Txaloez beste isiltasunarekin azaldu zuten esker ona, ordea, entzuleek. Hala sentitu zuen Orozco-Estrada zuzendariak: «Oso zaila da halako isiltasuna lortzea. Konektatuta geunden guztiok, publikoarekin hartu emanean, eta oso handia da hori. Oso handia da lortu duguna». Arnasarik ere apenas entzun zen Xostakovitxen biolontxeloaren bakarkako zatietan. Adi zeuden denak Capuçonen lanaren xehetasun guztiei. Gogor txalotu zuten ondoren, eta opari gisa Sergei Prokofieven Soldadutxoen martxa ere jo zuen, bakarka, jatorriz pianorako zena biolontxelorako moldatuta.
Aretoko isiltasunaz aritu zen Capuçon ere kontzertu ostean. «Alemanian oso jakintsuak dira musikan, eta Xostakovitxen kontzertuak kadentzia oso luzea duen arren, isiltasun osoa zegoen, denak adi». Hunkitu egiten duen pieza dela ere onartu zuen. «Hori da nire lanaren oinarria. Musika ez bazait heltzen, ez dut jotzen. Musikariak ulertu egin behar du jotzen duena, sentitu, publikoari musika horrek esan nahi duena transmititu ahal izateko». Atsedenaldiaren osteko Txaikovskiren piezaren indarraren ondoren ere, gehiagoren gosez gelditu zen jendea. Txaloka eta eserita. Eta horregatik jo zuten Guridirena. «Euskal melodia bat», zuzendariak publikoari aurkeztu zionez, izandako harreraren trukeko esker oneko keinu gisa.
Musikarien plazera
Txaikovskiren lanaren partiturak aurrean zituela eman zuen kontzertu osoa Oskar Gottlieb-ek herenegun, eta orkestraren lana «asko» gustatu zitzaiola esan zuen. Konpositorea da, eta emanaldian musikariek erakutsitako poza nabarmendu zuen. «Plazera sentitzen dute musikari hauek jotzerakoan, eta hori igarri egiten du entzuleak musikan. Oso talde musikala da, oso ona». Ez zituen euskal piezak ezagutzen, baina Guridirena bereziki gustatu zitzaion, eta eskari bat ere egin zuen hurrengo baterako: «Ez ditut euskal konpositore garaikideak askorik ezagutzen, eta eskertuko nuke hurrengoan haietakoren baten piezaren bat ekarriko balute. Hemen publikoa jantzi xamarra da, eta ulertuko ditu halako lanak ere. Nik pertsonalki, behintzat, bai».
Froga bat ere jarri zuen Gottliebek publikoaren jakintza adierazteko: isiltasuna, berriz ere. «Munduko publikorik eztulgileenaren saria dauka Dusseldorfeko Tonhallekoak. Adin bat ere badugu gehienok, eta normala da, baina Xostakovitxen lanaren kadentzian ez da eztul bakar bat ere entzun. Arnasarik ere ez, kasik. Hori ez da erraza izaten. Ez da ohikoena. Oso ongi mintzo da isiltasun hori Tonhalleko ikusleez, baita, noski, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaz ere».
Isiltasuna mintzo
Harrera ona jasotzen ari da EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Alemanian egiten ari den lau kontzertuko biranBesteak beste, Arriaga eta Guridiren lanak jo dituzte Dusseldorf eta Gutersloh hirietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu