Katuajeak

Ispiluak eta leihoak

Lorea Agirre.
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Komunikabideak garrantzitsuak direla gauza jakina da. Hedabideak, izan paper, izan uhin edo izan ikus-entzunezko, beharrezkoak dira hizkuntza eta hiztunen barne bizitza eta taldetasuna bultzatzeko, komunitatea egiteko, geure buruaren berri eta munduaren berri guretik emateko: ispilu, geure buruarentzat, leiho, mundua ikusteko. Berebiziko zeregina dute hizkuntzak indartzean, izan hizkuntza handi edo txiki, baina, are funtsezkoagoak dira berreskuratze bidean dauden hizkuntzentzat. Esan da hainbestetan. Ez dakit, hala ere, ongi ohartzen garen horretaz. Gu, diot, euskaraz (ere) bizi nahi dugunok.

Hizkuntza handiek argi dute oso. Espainiako PP alderdiak, oraindik orain, gobernua eratu gabe izanda ere, prentsa idatzia lagundu beharraz hitz egin berri du. Frantziako Gobernuak urteak daramatza prentsa idatziaren aldeko politikak egiten. Jakina da prentsa idatziak iragarkiak eta irakurleak galtzen diharduela etenik gabe, sareko edizioen mesedetan. Egunkari guzti-guztiek dute gaur egun sareko gunea. Baina sarean ez dago irabazpiderik, apenas publizitaterik, eta dagoena paperekoa baino askoz merkeagoa da, eta zerbitzu guztiak doanekoak dira. Paradigma aldaketa batean gaude, dudarik ez da. Horrek ez du esan nahi komunikabideak desagertuko direnik, informazioa kontsumituko ez denik, beste modu batera egingo dugula eta dagoeneko egiten dugula baizik: sarearen bitartez.

Europan paperezko egunkari asko desagertuko direla argi dago, Frantzian ere bai horrenbestez, eta Espainian, are gehiago agian, prentsa irakurle kopurua Europako baxuenetakoa duelako. Galdera da, ea horrek espainolari edo frantsesari, eta espainolen komunitateari edo frantsesen komunitateri, eta areago, Espainiako estatuari edo Frantziako estatuari kalterik egingo ote dion. Ez. Hiru estamentu horiek, hizkuntzak, komunitateak eta estatuak ez dute indarrik batere galduko. Nahikoa barne indar, bizi eta kohesio dute birmoldaketari aurre egiteko. Baina, hala ere, bi estatuek lagundu egingo dute prentsak paperetik sarerako bidea egin dezan. Eta nago lagunduko den idatzizko prentsaren talde horretan euskarazkorik ez dela sartuko.

Nafarroako Gobernua bai, sartu da euskarazko hedabideen eremuan. Izan ere, oso-oso garbi dauka orain arte esan ditugunak, horregatik jokatzen du koherente eta egiten dituzte politikak lehentasunak beldurrik gabe markatu. Nafarroako Gobernuak badaki hedabideena ez dela berriak bildu eta zabaltze kontu huts bat, eta horregatik da garrantzitsua eta are estrategikoa euskal hedabideei diru laguntza publikoak ukatzea. Iaz 9.587 euro banatu zituen euskal hedabideen artean. Kopuru hori 0 euro ematea bezalaxe zela, idatzi genuen orduan. Eta diru-laguntza lerro hori gehiago kamustu ezin zitekeela pentsatzen genuela, datorren urterako proposatu duten diru-laguntzaren muntaren berri eman dute: 0 euro. Alegia, gure ustea baieztatu dute: 9.587 euro 0 euro da. 0 euro 0 euro da.Kontua, euskararen leiho eta ispilu guztiak txikitzea, desagertzea eta hiztunak sakabanatzea. Zer den koherente jokatzea.

Hizkuntza txikiotakook mehatxu berbera dugu. Baina berdina al da jokoan duguna? Egin dezagun galdera bera: gurean egunkariak desagertzea euskarari, euskaldunen komunitateari eta euskal estatuari kalterik egiten al dio? Estatuari batere ez, ez dugulako, baina bai ziurrenik euskararen normalizazioa helburu errealtzat duten erakunde politikoei. Hizkuntzari eta komunitateari, zalantzarik ez dago kalte egingo diola. Hizkuntzak eta komunitateak indarra galduko lukete, ez daudelako inondik normalizatuak etaminorizatuago bihurtzeko bidea ekarriko luke.

Gure kasuan, koherentea izatea ere ezinbesteko da. Euskarazko egunkari batek, telebista batek, irrati batek, izan nazional izan tokiko, aurrera ez egitea ez da hedabide baten galera partikularra, ez da paradigma aldaketaren albo kaltea, ez da enpresa jakin baten kontua, ez da langile talde bat langabeziara bidaltzea. Gehiago da. Hizkuntzaren eta komunitatearen normalizaziorako tresna eraginkorrenetako bat galtzea da. Ispilua puskatu eta leihoak ixtea. Non ikusiko dugu, orduan, gure burua, eta nondik begiratuko dugu ingurura?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.