Musika

Istant baten anatomia

Jon Eskisabel.
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
ETB3rentzat Orain saio guztiz gomendagarria —sortzaile gazte eta, gehienetan, ezezagunei buruzko 5-10 minutuko erreportajeak dira— egiteazarduratzen den Debolex ekoiztetxeko kideek salbuespena egin eta ia hogei minutuko ale ederra eskaini zioten Teresa Iturriozek eta Ibon Errazkinek osatzen duten taldeari. Galdu bazenuen, bilatu ezazu vimeon. Aurretik Aventuras de Kirlian eta Le Mansen aritutako bi donostiarren ibilbideak ematen zuen horretarako aitzakia, baina bestela ere Singlek berak justifikatzen zuen salbuespena. Egungo gaztelaniazko pop musikan ale bitxia baita Single, talde diferentea —bazter dezagun original hitza— eta bakana. Benetan singlea.

Diferente izan nahi duenak arriskuak hartu behar ditu, jakinik erra daitekeela edota askok, gehienek, bizkarra emango diotela, eta Singlek hartzen ditu, nolakoak gainera. Lehenik eta behin, hitzetan. Ausardia eta konfiantza handia behar da kantu bat horrela hasteko: «Hay que llevar seguro un jersey. Considerar que puede llover. Es tres de agosto en el calendario. Metereológicamente, no» (La ola). Beste adibide bat: «Once letras y nombre de flor. Empieza con la P y acaba en O. En concatenación, monólogo interior» (Pensamiento). Beste batzuk istant baten anatomia dira (En el restaurante). Hitz horiek abesturik aditzean entzuleak belarrian minik sentitzen ez badu, Teresa Iturriozena da meritua.

Musikalki ere soka finaren gaineko ekilibristak bezala aritzen da bikotea,harrigarria —ezagun da pop egitura eta melodia klasikoetatik ihes egiteko Ibon Errazkinek duen joera— eta popularra denaren arteko oreka zail horretan beti erortzeko zorian. Ordenadorea utzi eta pianoak pisu handia hartzen badu ere, Monólogo interior-ek ez dizkio entzuleari gauzak erraz jartzen —Todo cambia en un instante hasieran jartzeak ez du diskoan sartzea laguntzen—, kantuen bihurritzea gehiegizkoa gertatzen da batzuetan (¡Miau!), baina beste inon ez dituzu Fotos, La cama, Posponías eta La ola bezalako kantuak entzungo. Diferenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.