Alberto Gorritiberea (Gasteiz, 1970) bost sarirekin itzuli da etxera Malagako (Espainia) XIV. Zine Jaialditik. Joan zen asteburuan aurkeztu zuen Arriya filma jaialdian, eta Begoña Maestrek emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Biznaga saria jaso zuen; Saoia Larak, berriz, jantzitegi onenaren saria; Gaizka Bourgevadek argazki onenarena, eta Bingen Mendizabalek soinu banda onenaren saria. Sail ofizialetik kanpo, Andaluziako Zine Idazleen Elkarteak opera prima onenaren saria eman dio filmari.
Pozik al zaude filmak izandako harrerarekin?
Bai, oso gustura gaude. Sail ofizialean egotea bakarrik ohorea izan da guretzat. Euskal Herritik kanpo filma ikusi ahal izatea bakarrik oso garrantzitsua da. Duela zortzi egun oraindik filmaren azken xehetasunak ikusten ari ginen. Beraz, filma oraintxe bukatu dugula esan genezake, eta berehala Malagan izatea opari bat zen. Orain, bost sari eskuartean izateak indar pixka bat ematen du. Ofizio hau nahiko zaila da, eta sariak jasotzeak aurrera jarraitzeko aukera ematen du askotan. Hurrengo proiektuetan sartzeko balio izan du.
Bost sari jaso ditu 'Arriya' filmak. Baina nolako kritikak jaso ditu?
Mota guztietako kritikak izan ditu. Baikorretako bat Andaluziako kritika elkarteak eman du. Badakit, ordea, Euskal Herritik jaialdi horretara joan denen bati ez zaiola filma gustatu. Beste batzuei, berriz, asko gustatu zaie. Kritika guztiak onartu behar direla uste dut. Baina, oro har, bost sari horiek eta kritika batzuk jasota gustura egoteko moduan gaudela iruditzen zait.
Espero al zenuen filmak halako harrera izatea?
Ez nuen uste halako erantzunik izango zuenik. Eskatzen nuen gauza bakarra ikusleek filma ulertzea zen. Istorioa oso euskalduna da. Testuinguru hori guztia Euskal Herritik kanpo nola ulertuko zen kezka bat banuen. Oso garrantzitsua da istorioa bera ulertzea, eta hori lortu dugula uste dut. Beraz, zerbait ona behintzat egin dugu.
Pertsonalki, zer aukera eman dizu jaialdi honetan parte hartzeak?
Filma bera zabaltzeko aukera handia emango dit. Halaber, jaialdi honek egiaztatu du film bat bestelako sentimendu batzuk ateratzeko erreminta dela. Garai hauetan hori garrantzitsua da. Zinemagile bezala, hori da behar dugun gasolina.
Sariak irabazteak, berriz, zertan lagunduko dizu?
Hurrengo proiektuan ziurrenik erraztasun gehiago izango dut. Filmeen ibilbidea ez da erraza izaten, eta laguntza eta indar handiagoa izango dut aurrerantzean.
Noiz estreinatuko duzue 'Arriya' Euskal Herrian?
Udazken inguruan zine aretoetara eramatea espero dugu. Gai hori oraindik ez dago guztiz baieztatuta, guztia oso azkar joan baita. Beraz, orain patxadaz hartuko dugu, eta gauzak ondo pentsatuko ditugu. Filma bera dagoeneko abian da, eta hori positiboa da. Orain zein ibilbide egingo duen ikusteko dago.
Jaialdietan parte hartzen jarraitzeko asmoa al duzue?
Hori da gure asmoa. Zorte pixkat izanez gero, Euskal Herritik kanpo ere hartuko dugu parte. Hala ere, oraindik ezin dugu esan zein jaialditara bidaliko dugun filma. Ekoizleekin adostu behar dugu kontu hori. Pixkanaka joango gara ibilbidea osatzen.
Sarien artean, 'Arriya'-k opera prima onenaren saria jaso du. Zer eragiten dizu sari honek?
Saria Andaluziako Zine Idazleen Elkarteak eman izana da garrantzitsuena. Filma ulertu duten seinale da, eta lan guztien artean Arriya filma gustatu izana ere oso pozgarria da. Horrez gain, beste sariei dagokienez, badakigu ez direla saririk garrantzitsuenak. Baina lantaldea goraipatzen duten sariak dira. Film bateko taldea oso garrantzitsua da, eta horrek bereziki pozten nau.